Pablo Sorozabalen omenezko zikloa egingo dute Viktoria Eugenia Antzokian
Donostia Musika elkarteak Pablo Sorozabal konpositore donostiarra omentzeko hiru kontzertuko zikloa antolatu du ekainaren 22, 23 eta 24rako. Emanaldi guztiak Viktoria Eugenia Antzokian izango dira 19:30ean. Sorozabalen ia obra guztia ezagutzera emango dute emanaldi horietan: ahotserako musika, ganbera musika, eta txistu eta abesbatzarako musika. Sarrerak dagoeneko helbide honetan eskuratu daiteke.
Lehen bi emanaldietan, konpositorearen birbilobek parte hartuko dute. Ekainaren 22ko kontzertuan Irene Sorozabal mezzosopranoak kantatuko du Jone Martinez (sopranoa), Mario Lerena (pianoa) eta Izaskun Sanz (gitarra) musikariekin batera. Ekainaren 23ko emanaldian, berriz, Nerea Sorozabal biolontxelo jotzaileak parte hartuko du. Alboan izango ditu Balint Varay (biolina), Pablo Suarez (biolina), Paula Garcia (biola), Angela Lobato (biolontxeloa) eta Dario Llano (pianoa).
Hirugarren kontzertua Donostiako Udaleko Txistulari Bandak, Astigarragako Eragiyok eta Doneztebeko Mendi abesbatzek eta Kresala dantza taldeak emango dute. Sorozabalek txisturako, abesbatza bakarrerako eta txistu eta abesbatzarako konposatu zuen musika eskainiko dute.