Dbizi alokairu sistemak AENOR erakundearen ziurtagiria lortu du

Dbizi_Aenor (Argazkia: Donostiako Udala)

Donostiako bizikleta alokairu sistema da Dbizi, eta 202oko abenduan jarri zuen abian Donostiako Udalak. Gaur, berriz, zerbitzuaren kalitatea aitortzen duen AENOR Espainiako normalizazio erakundearen ziurtagiria jaso du udaletxean. Garraio Publikoaren Kalitatea Kudeatzeko Sistemaren gaineko UNE-EN 13816 arauaren araberakoa da jaso duen aitortza. Are gehiago, ziurtagiri mota hau jaso duen bizikleta alokatzeko lehen enpresa da.

Ziurtagiriaren banaketa ekitaldian parte hartu dute Pilar Arana Mugikortasun eta Garraio zinegotziak, Igor Gonzalez Dbuseko zuzendari ordezkariak, Jesus Sanchez BIZISS aldi baterako enpresa elkarteko ordezkariak eta Gonzalo San Antonio AENOR-eko EAEko zuzendariak.

Erabilerak gora egin du

Urte eta erdian datu oso onak lortu ditu Dbizi sistemak, erabiltzaile kopuruari eta egindako bidaiei dagokienez. “2022ko lehen lauhilekoan modu ikusgarrian eta etengabean hazten jarraitu du, eta 196.790 bidaia egin ditu. 2021ean, berriz, 113.445 bidaia erregistratu ziren denbora tarte berean. Abonatuei dagokienez, 2022ko lehen lauhileko honetan Dbizik 6.431 erabiltzaile ditu, 2021eko aldi bereko 3.901 abonatuen aldean. Gainera, bizikletak alokatzeko hiriak aurretik izandako sistemarekin erregistratu ziren kopuruak baino askoz handiagoak dira”, azaldu dute udaleko iturriek.

Dbizi sistema BIZISS –Movus eta Urbaser– aldi baterako enpresa elkarteak kudeatzen du, Dbusen eta udalaren lagapen bidez. AENOR ziurtagiriaz gain, sistemak ISO 9001 Arauaren araberako ziurtagiria ere badu.