Donostiako euskararen kale erabilera %15,3koa da
Soziolinguistika Klusterrak bost urtean behin egiten duen hizkuntzen erabileraren kale neurketaren emaitzak aurkeztu ditu EHUren Ibaetako campusean. “Azken bost urteotan, ez da gorabeherarik izan euskararen kale erabilera orokorrean”, adierazi du ikerketaren zuzendari Olatz Altunak. Euskal Herriko kaleetan behatutako zortzi pertsonatik bat ari zen euskaraz (%12,5). “Datu orokor hau 2016ko kale neurketan behatutakoaren berdina da”, gaineratu du Maialen Iñarrak, landa laneko arduradunak.
Hiriburuen artetik Donostia da euskararen kale erabilera altuena duena. Zehazki, kale erabilera %15,3koa da. “Erabilera egonkorra izan da azken bost urteotan. 2011tik 2016ra behera egin zuen, baina Añorgako eta Igeldoko kale erabilera neurtzen hasi ginenetik gora egin du”, azaldu du Altunak. Gainerako hiriburuetan %2,5 eta %4 artean dago kale erabilera: Gasteiz %4,1, Bilbo %3,5, Baiona %2,7 eta Iruñea %2,7. Horrez gain, nabarmentzekoa da hiriburuetan altuagoa dela beste hizkuntzen erabilera Euskal Herri osoan baino.
Euskal Herriko probintziei dagokienez, Gipuzkoan hitz egiten da euskara gehien (%31). Hurrengo postuan dago Bizkaia (%9), eta %5-6 inguruko erabilera maila dago Araban, Nafarroa Garaian eta Ipar Euskal Herrian. Bestalde, adierazi dute eremurik euskaldunenean behera egin duela euskararen kale erabilerak, eta haurren erabilerak, berriz, gora egin duela. Horrekin batera, zenbat eta gazteago, orduan eta gehiago gailentzen zaio emakumezkoen euskararen kale erabilera gizonezkoari.
Neurketa 2021eko udazkenean egin zuen Soziolinguistika Klusterrak. Euskararen lurralde osoko kaleetan 600.000 pertsona baino gehiago eta 200.000 elkarrizketa baino gehiago behatu zituzten. Informazio guztia webgune honetan jaso dute.