Fortunaren 80. Mendi Ibilaldia egingo dute ekainaren 5ean

Irurita Iruritatik abiatuko da Fortunaren 80. Mendi Ibilaldia. (Argazkia: Fortuna)

Fortunaren 80. Mendi Ibilaldia ekainaren 5ean egingo dute, 44 kilometroko ibilbidea osatu dute. Baztango Irurita herritik Iruñea ondoan dagoen Atarrabiara, Abartan eta Saioa lotzen dituen gailurreria jarraituz, Xuriain mendiaren gailurreraino -1.200 metroko desnibela-. Jarraian, Olaibar eta Esteribar bailarak bereizten dituen gailurreriatik igaro ondoren, Baratxueta, Alixeto eta Arromendi gailurrak gaindituko dituzte, Trinitatearen Erdi Aroko zubi erromatarretik Atarrabiara iristeko.

Ohikoa den moduan, Ibilaldi erdiak beste irteera bat izango du. Aurten, Egozkueko Gainean egongo da bigarren irteera, ibilbidearen erdi-erdian (22. km-a). Oraingoan ere autobusak antolatu dituzte Andoain, Donostia, Irun eta tarteko udalerrietatik bi irteeretara joateko (eta etxera buelta egiteko, A-15etik). Nahi duenak, bere ibilgailua Atarrabian utzi dezake, eta antolatutako autobusak erabili bi irteeretako batera joateko.
 
Aurki irekiko da internet bidez izena emateko epea, eta bertan adieraziko dira ordutegiak eta autobusen geltokiak.