Udaleko Langileen Batzordeak Pilar Arana Mugikortasuneko zinegotziaren dimisioa eskatu du
Donostiako Udaleko Langileen Batzordeak ohar bat plazaratu du, Pilar Arana Mugikortasuneko zinegotzi jeltzalearen “berehalako dimisioa” eskatuz, mugikortasun agenteen gatazka dela eta. “Mugikortasun agenteen gatazka pil-pilean dago, zerbitzu duina emateko behar den agente kopurua nahikoa ez delako, baita dauden gabeziak eta oztopoak etenik gabe denboran luzatu direlako, eta langileek hilabeteak daramatzatelako zerbitzua hobetzeko baldintzak negoziatu nahian”, gogorarazi du Langileen Batzordeak. LAB, ELA, CCOO eta ErNE sindikatuek osatzen dute udaleko Langileen Batzordea.
Ordea, deitoratu dute Aranak ez duela “bere lana behar bezala bete”: “Zerbitzuaren funtzionamendu egokia oztopatzen du, kolektiboaren eskaerei jaramonik egin gabe eta zailtasunak daudela ukatuz”. Langileak “etengabe” zinegotziarekin “negoziatzen” saiatu direla nabarmendu du Langileen Batzordeak, baina, euren arabera, zinegotziak “ez du urrats bakar bat eman aipatutako eskaerak entzuteko, eta udalak ere ez du inolako interesik erakutsi, akordio batera iritsi eta kolektiboaren baldintzak defendatu eta hobetzeko”.
Horregatik guztiagatik, Aranaren dimisioa eskatu dute, baita Eneko Goia alkateak “erantzukizuna” bere gain hartzeko ere.