Abegi Etxearen udal araudiaren alde agertu da udalbatza
Maiatzeko osoko bilkuran Abegi Etxearen udal araudiari hasierako onarpena eman diote. Baliabide garrantzitsua da hirian bizi diren etxegabeentzat, eta zerbitzua hobetzearen alde agertu dira udal talde guztiak. Hau da, Gizarte Ekintza sailak prestaturiko araudia aho batez onartu dute. EH Bilduk EAJrekin eta PSE-EErekin adosturiko zuzenketak ere onartu dituzte. Hain zuzen ere, Abegi Etxeko egonaldiak hiru egunetik bost egunera luzatuko dituzte. Aldiz, PPren zuzenketak baztertu dituzte eta EH Bilduk egindako beste zuzenketa bat.
Abegi Etxeari buruzko araudia 2004an onetsi zen; hau da, 12/2008 Legea eta 185/2015 Dekretua indarrean sartu aurretik. Horregatik, udalak erabaki zuen beharrezkoa zela beste araudi bat onestea, indarrean dagoen sektore araudira egokitzeko. Hain zuzen, erregulazio berriak modu esanguratsuan eragiten dio harrera zerbitzuaren definizioari. Izan ere, 2004ko araudian, zerbitzu hori eguneko 24 orduko egonaldi gisa taxutu zen, eta erregulazio berrian, ostera, bi zerbitzuk osatzen dute hura: gaueko harrera zerbitzuak eta eguneko arreta zerbitzuak.
Bigarrenik, araudiak familientzako harrera zerbitzua ere arautzen du. Zerbitzu hori, prestazioen eta zerbitzuen zorroan berariaz jasota ez badago ere, udalak ematen du, gure testuinguruan sortu den gizarte errealitateari erantzuteko; hau da, adingabeak dituzten eta etxerik gabe dauden familien presentziari erantzuteko. Eta hirugarrenik, bazterketa egoeran dauden pertsonekiko esku-hartze sozialaren paradigma berrietara egokitzen da araua. Alde batetik, neurri handi batean jadanik aplikatzen ziren gai batzuk erantsi zaizkio araudiari, eta, horrenbestez, estaldura juridikoa eman zaie, segurtasun juridikoaren eskakizunetara egokituta. Adibidez, egoera jakin batzuetan alkohola kontsumitzeko baimenari dagokionez, adingabeak sartzea pertsona heldu arduradun batekin badaude, edo egoera jakin batzuetan etxeko animaliak izatea. Beste alde batetik, aldatu eta garatu egin da zehapen araubidea, erabiltzaileen benetako egoerara eta haiek gizarteratzeko helburura egokitzeko.
Hasierako onarpena eman ondoren, hogeita hamar eguneko epean erreklamazioak eta iradokizunak aurkeztu ahal izango dira. Ez bada erreklamaziorik edo iradokizunik aurkezten, akordioa behin betiko onartuko da.