"Ez da soilik gertatutakoa gogoratu behar, gaur egungo borrokak norabidetzeko irakaspenak atera behar ditugu"
1931ko maiatzaren 27an Pasaiako arrantzaleek lan baldintza hobeak eskatzeko greban zeudela, Guardia Zibilak zazpi langile tiroz hil zituen Ategorrietan, eta dozenaka zauritu. ‘Gure seme-albentzako ogia’ eta ‘Gure kideentzako askatasuna’ ziren aldarrikapen nagusiak. Gertakariak gogoratzeko, Donostiako Kontseilu Sozialistak ekitaldia antolatu du hilaren 27an Ategorrietako erlojuan, 19:00etan. Kontseilu Sozialistako kide diren Izaro Biain Alkorta (Egia, 2001) eta Ximon Aranbururekin (Añorga, 1997) elkartu gara.
Zein da Ategorrietako sarraskia oroitzearen garrantzia?
Ximon Aranburu (X.A.): Sarraskia oroitzea garrantzitsua iruditzen zaigu, baita ere, orokorrean, langile mugimenduan esperientziak ahanzturaren lozorrotik ateratzea. Aldi berean, kanpaian politiko honetan azpimarratu dugun moduan esanahi politiko bat ematea garrantzitsua iruditzen zaigu. Maiatzaren 27a beltzez markaturiko eguna da Donostian, eta burgesiaren boterearen adibide gordin moduan har genezake. Bestalde, erakusten ditu, Espainiako II. Errepublikaren testuinguruan gobernu progresistaren papera zein izan zen, edo greba testuinguruan sindikatuen papera zein den: sozialdemokraziaren traizioaren erakuslea da guretzat.
Eta zeintzuk dira ateratzen dituzuen irakaspen politikoak?
Izaro Biain (I.B.): Ateratzen ditugun irakaspenetatik hiru dira gehien bat. Batetik, krisi testuinguruan klase borrokak antolakuntza politikoaren beharra azaleratzen duela, gizarte burgesaren kontraesanak era gordinean azaleratzen direlako. Bestalde, sozialdemokraziaren traizio historikoaren adibide bat gehiago litzake hau, erreformistek kapitalaren interesen alde egiten amaitzen dutelako. Eta azkenik, grebaren garapenean, proletalgoaren antolakuntza independentearen beharraren ideia berreskuratzeko aukera ikusten dugu; argi geratu zelako izaera laboraleko borroka partzial bat zen arren, lortu zela sindikatu paktistetatik kanpo eta burgesiaren eragin esparrutik kanpo langileak antolatzea. Konkretuki Union Maritima sindikatuak beste sindikatuekiko izan zuen autonomia aipatzen dugu.
Langile memoria berreskuratu “esanahi politikoa emateko”. Zer esan nahi duzue?
I.B: Oroimen politikoaz hitz egiten dugunean, memoriaren erabilera folkloriko, zein obrerista albo batera utzi behar ditugula ulertzen dugu. Oroimenak garaiko esperientziak ulertu eta irakaspenak ateratzeko giltza izan behar du, eta honek prozesu sozialista elikatu behar du. Ez da soilik gertatutakoa gogoratu behar, irakaspen politikoa ateratzeko ariketa bat izan behar da, batez ere gaur egun ditugun zeregin eta borrokak norabidetzeko.
Zer da bada, memoriaren erabilera folklorista eta obrerista?
X.A.: Memoria ariketak egiterakoan, memoria hutsean gelditzen da, edo oroitzaren garrantzia politikoaz hitz egitean, askotan errepikatzen da “oroitu behar dugu berriro gerta ez dadin”. Eta gure ustetan oroimen horren potentziala irakaspenak ateratzetik dator, ez delako hainbeste memoriaren menpekoa gertakari hauek berriro ez gertatzea, baizik eta emanda dauden baldintzek, kasu honetan gizarte kapitalistaren biolentziak berak, sortzen ditu ingurune gatazkatsu hauek. Memoria ez dugu ulertzen ez errepikatzeko berme modura; gehiago analisitik eta irakaspen batzuk ateratzetik.
Zein izan da aurrera eraman duzuen dinamika?
X.A.: Nahiko dinamika xumea izan da: hitzaldi bat egin genuen joan den larunbatean Pasaian eta ekitaldi politiko bat antolatu dugu biharko. Baliatu dugu batez ere, memoria lantzen duten eragilea eta norbanakoekin kontaktua egiteko, orain arte egin ez dugun zerbait izan da: errepublikazaleak, CNT, Pasaiako eragile lokal batzuk eta abar. Liburuxka bat kaleratu dugu ere horretarako.