Kaiko amarralekuen afera argitzeko eskatu diote EKP erakundeari
Donostiako kaiko amarralekuen auziari buruz aritu dira maiatzeko osoko bilkuran. Izan ere, pasa den urtarrilean, Euskadiko Kirol Portuak (EKP) erakunde publikoak amarralekuen adjudikazioaren zerrenda argitaratu zuen —385 plazatik 381era pasa zuten orduan—, baina plazarik gabe gelditu diren hainbat erabiltzailek helegiteak aurkeztu zituzten.
Horrek guztia sortu duen zalaparta dela eta, EH Bilduk mozio bat aurkeztu du udalak EKP erakundeari neurriak hartu ditzan eskatzeko. Udal talde guztiek bat egin dute proposamenarekin, baina udalbatzak onartu duen mozioa udal gobernuak aurkezturiko zuzenketa izan da. EH Bilduren hiru eskaeretatik bakarra babestu dute EAJk eta PSE-EEk. Hau da, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiako, Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuari eta EKP erakundeari kaia hiri gure ondare material eta immaterial moduan aitortua izatea.
“Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Garapen eta Azpiegitura Sailaren aginduak hainbat donostiarrengan ekarri duen ezinegonaren iturburua 2017ko urriaren 19ko 5330 dekretuaren 14. artikuluan ezarritako adjudikazio irizpideetan dago, besteak beste. Zuzenago esanda, zehaztu ez direnetan”, azaldu du Markel Ormazabal EH Bilduko zinegotziak. Ildo horretatik, EKP-ri eskatu diote dekretu horren lanketa eta egokitzapena egitea “gardentasunez” udalarekin eta kaiko eragileekin.
Horrez gain, amarralekuak eskuratzeko lehentasuna Donostian erroldatuta dauden herritarrek izan beharko luketela nabarmendu du EH Bilduk. Eskaera honekin ez dute bat egin udal gobernua osatzen duten bi alderdiek. “Aukera berdintasuna bermatu behar dute, eta bizitokia ezin da baldintza izan”, esan du EAJko bozeramaile Jon Insaustik. Ildo beretik hitz egin du Duñike Agirrezabalaga sozialistak. Lehentasunari dagokionez, Ormazabalek ondorengoa gaineratu du: “Nik Tolosan baratza bat jarri nahi badut, lehendabizi tolosarrek izan beharko lukete lehentasuna, ezta?”.