Korrika AEK-ren sormen beka jaso du #badon proiektuak
AEK-k Korrika kulturalaren bidez emango duen sormen beka jaso du #badon proiektuak. Proiektuaren ordezkari Olatz Salvador Zaldua eta Ines Osinaga Urizar izan dira aurkezpenean, eta bideo baten bidez, haiekin batera arituko diren gorputz konplizeen aurpegiak azaldu dira.
Urtarrilean amaitu zen proposamenak aurkezteko epea, eta, azken hilabeteetan, aurkeztu diren hamahiru egitasmoak aztertu ondoren, gaur epaimahaiaren esleipena ezagutu ahal izan dugu.
“Oso maila oneko” hamahiru egitasmo aurkeztu dira, eta epaimahaiak aho batez hartu du erabakia; aintzat hartu dute proiektuak sorkuntza prozesuari emango dion garrantzia, sormen-laborategi kolektiboa sortuta. Ikuskizun bat egongo bada ere, harago doan proposamena dugu eskuartean, oinarri bat utzi nahi duelako aurrera begira lantzen jarraitzeko, markoak eraikitzeko eta prozesuak bultzatzeko. Hauek izan dira KORRIKA-AEK kultur sorkuntzarako bekan epaimahaiaren kideak: Maria Rivero, Amaia Merino, Aguxtin Alkhat, Yurre Ugarte eta Irantzu Lekue.
#badon proiektuak diziplinarteko hausnarketa artistiko kolektiborako sormen laborategi bat da proposatzen du. Euskal literatura, musika, arte plastiko nahiz irudizko, antzerki, dantza eta bestelako adierazpenen inguruan gorpuztuko da bidea, artista garaikide desberdinek, disziplinen arteko zubiak eta elkarlanak bultzatuz. Euskal kulturaren transmisiorako egitasmo sendoak eraikitzea da erronka, horretarako eragile desberdinak saretzeko egiturak harilkatuz. “Gu egiten gaituen hori ez dela neutroa, iritsi zaizkigun kultur erreferentziek gizarteko botere harremanak islatzen baitituzte” aintzat hartuta, besteak beste, xedea du genealogia kulturala errebisatzea, zalantzan jartzea eta osatzea.
AEK-k, KORRIKA kulturalaren bidez, lan bat sarituko du bi urterik behin; bekaren xedea da euskal kulturaren baitako sormen-lanak bultzatzea, eta, 23. KORRIKAtik aurrera, KORRIKA kulturaleko ekitaldi nagusia taxutzea. Beka 23.000 eurokoa izango da, eta 23. KORRIKAko kulturaleko egitarauaren barruan aurkeztuko da, 2023ko azarotik 2024ko apirilera, hain zuzen.