Donostian ere bada segregazioa
Azken 20 urteotan %2tik %12ra igo da Donostiako ikastetxeetako atzerritar jatorriko ikasleen kopurua. Kolpetik aldatu ez den arren, erronka berriak suposatzen ditu kultur aniztasunaren ikuspegitik, baita euskararen ikuspegitik ere. Beste leku batzuekin alderatuta horren larria ez dirudien arren, eskola gutxi batzuk ari dira atzerritar gehienak jasotzen, eta beste gutxi batzuk ia bat ere ez. Daturik adierazgarriena, ordea, datu falta dugu: inork gutxik ezagutzen du hiriko errealitatea zenbakietan. Eta, tamalez, ezjakintasunetik sortzen dira bizikidetza arazo gehienak.
Donostiako eskoletan, gauza jakina da, modu desorekatuan jasotzen dira kanpotik datozen ikasleak. Badira ikasleen erdia baino gehiago atzerritarrak edo atzerritar jatorrikoak dituzten ikasleak. Eta, badira, batere edo ia batere etorkinik jasotzen ez dituzten ikastetxeak. Parez pare dauden bi ikastetxeko patioetako azalaren koloreak begiratzea besterik ez dago.
Gauza jakina den arren, ez da jakiten erraza, datuak ez daudelako eskuragarri, eta datu mota asko gurutzatu behar direlako, egoera behar bezala azaltzeko. Steilas sindikatuko Juan Zubiarekin eta Eider Berazadirekin jorratu dugu gaia. Eusko Jaurlaritzan egindako galdera parlamentario baten bitartez, 2017-2018ko ikasturtean EAEn matrikulatuak zeuden atzerritar jatorriko ikasleen kopurua jaso zuen sindikatuak, eta datu horiekin egin zuen mapa.
Tamalez, ez dago datu gaurkotuagorik; ez Donostiako Udalak, ez Hezkuntza Sailak, ez eta Eusko Jaurlaritzako alderdiek ez daukate ikastetxez ikastetxe dagoen segregazio mailari buruzko daturik.
“Jatorrizko desoreka”
Donostian 50 ikastetxe daude. 2-12 urte artean 19 ikastetxe publiko daude eta 26 pribatu-itunpekoak. DBHn 7 publiko eta 24 itunpeko. 2019-2020 matrikulazio datuen arabera, 0-18 urteko 28.500 ikasle daude Donostian: 11.000 sare publikoan eta 17.500 pribatuan. Horietako gehienak, 10.000 inguru, kristau eskoletan, eta 4.500 ikastoletan.
Steilasek uste du, “jatorrizko desoreka” bat dagoela publiko eta pribatuen artean, hain zuzen, “pribatuek eskaintza puztuta dutelako”.
Atzerritarren kopuruari dagokionez, esan bezala, ez da erraza datu argiak topatzea, ikastetxeek ez baitituzte hala-moduz eskaintzen. 2017-2018ko ikasturteko datuak ez dute bat egingo gaur egungo egoerarekin, hazi egin baita etorkin kopurua. Edonola ere, IRUTXULOKO HITZA-k kontsultatu dituen iturrien arabera, datu hauetan ikusten den tendentzia bera dago gaur egun, zenbakiak aldatu diren arren.
Nor da atzerritarra? Kontuan hartu behar da, baita ere, datuak aztertzerako orduan jatorria ere aintzat hartzen dela. Hau da, “jatorri atzerritarreko” gutxienez guraso bat izatea da baldintza.
Aipaturiko datuetan (2017-2018ko ikasturtekoak) ikus daiteke modu desorekatuan banatzen direla Donostiako ikastetxeetan jatorri atzerritarreko ikasleen kopurua. Badira atzerritar kopuru handiak dituzten ikastetxeak: San Jose (Erdialdea, %69), Presentacion de Maria (Egia, %62,2) eta Katalina de Erauso (Amara Berri %43,03). Baita atzerritar jatorriko ia inor ez duten ikastetxeak ere: Santo Tomas Lizeoa (Ibaeta %0), Zurriola Ikastola (Gros,%0,23) eta La Salle (Loiola, %0,55). IRUTXULOKO HITZA-k baieztatu ahal izan duenez, ikastetxe gehienetan handiagoak dira gaur egun portzentajeak. Edonola ere, lehen etorkin kopuru handia zuten ikastetxeetan are handiagoa da egun.
Datuen gerra batean sartu gabe, Steilaseko kideek argi ikusten dute arazoa: “Donostian %12koa da atzerritar jatorriko ikasleen kopurua, baina banaketa hau ez da islatzen ikastetxeetan”.
Bat datoz ere Ongi Etorri Eskolara kooperatibako kideak. Duela 20 urte, Donostian %2a ziren jatorri atzerritarreko ikasleak, eta hamar puntu igo da denbora gutxian. Azaldu dutenez, beste herri askotan ez bezala, Donostian ez da kolpetik igo migrante kopurua, gutxika baizik. Hala ere, Lola Boludak dioenez “egoera berria den arren, araudiak ez dira aldatu egin. Leku askotan ez da gaia planteatu ere egin. Eskolek ez dute gidoi bakar bat ere aldatu irisgarriagoak izateko”.
Zer da segregazioa eta nola eragiten du
Asko ari da hitz egiten azken hilabeteetan EAEko eskola segregazioari buruz. Gasteizen eta Ordizian azaleratu diren datuek alarmak piztu dituzte, sare publikoak jasotzen baititu bertako etorkinen %80 inguru. Ondorioak ditu hezkuntza kalitatean eta kultur aniztasuna modu egokian kudeatzeko orduan.
Donostian errealitatea ez da horren gordina akaso, baina badira hainbat puntu beltz. Ikastetxearen titulartasunak, hizkuntza ereduak eta klase sozialak erabat baldintzatzen dute eta ikastetxeen hautua. Argi dio Boludak: “Aberatsek eta klase ertainekoek erabaki egiten dute nora eraman bere seme-alabak; baina gainontzekoek ez. Soilik publikora edo bekak dituzten erlijiosoetara joan daitezke”. Izan ere, segregazioak badu klase konponente oso fuerte bat. Ez baita berdina Latinoamerikatik etorritako familia prekarioa, edo Italiatik etorri diren ingeniarien familia.
Titulartasunak eragin handia du, nahiz eta ez den bakarra. Donostian sare publikoak baino eskaintza zabalagoa du pribatu-itunpekoak (itunik gabeko pribaturik ez dago Donostian). Kristau Eskolek osatzen dute talde handiena, eta Ikastolek bigarrena. Bestelako osaketa dutenak ere badira: AICE-IZEA (Eskibel eta Erain), EIB (Ekintza), Ikasgiltza (Colegio Ingles eta San Patricio) eta Deutsche Schule.
Eskola publikoaren zama
Gasteizko eta Ordiziako kasuetan nabarmen erori da ikasle atzerritarren kudeaketaren pisua eskola publikoaren bizkar gainera. Donostian ez da horren muturrekoa: ikasle atzerritarren %52,33 daude sare publikoan eta %47,67 itunpeko-pribatuan. 2018ko datuen arabera, 807 ikasle atzerritar zeuden sare publikoan eta 735 itunpeko-pribatuetan (horietatik 566 kristau eskoletan). Eskaintza zabalagoa du, ordea, itunpekoak: 15.551, publikoak dituen 9.073en ondoan.
Bestalde, azpimarratzekoa da, batetik, tendentzia goraka doala: Lehen Hezkuntzan %55ekoa zen 2018an eta Haur Hezkuntzan %62koa. Gipuzkoan, atzerritarren %61,93 daude sare publikoan, aipaturiko gorako tendentzia berarekin.
Hiriaren argazkia
Donostiako etorkinen banaketa ez da bera auzoz auzo: 140 herrialdetatik etorritako 16.277 biztanle atzerritar daude hirian 2021eko datuen arabera (2020an baino 270 gehiago). Hortaz, atzerritarrak hiriko biztanleen %8,7 dira (2020an %8,5 ziren).
18 urtetik beherako 2.260 dira jatorri atzerritarreko ikasleak. Bertan jaiotakoak dira horietako asko, baina gurasoen jatorriaren aintzat hartzen da, kulturalki eta identitate ikuspegitik duen eragina esanguratsua delako.
Eta, jakina den moduan, auzoen artean ez da etorkinen banaketa orekatu bat ematen. Amara Berri da etorkin gehien dituen auzoa, 2.879rekin. Nikaragua, Honduras, Kolonbia eta Txina dira, hurrenez hurren, jatorrizko lau herri nagusiak. Erdialdean 2.467 etorkin daude, eta hauen jatorri nagusia Honduras, Nikaragua, Italia eta Kolonbia dira. Altzako 1.913 etorkinen jatorri nagusia, aldiz, Maroko, Nikaragua, Honduras eta Errumania dira.
Errenta altuagoko auzoetan asko aldatzen da errealitatea. Antiguan 923 etorkin daude, eta hauen jatorria Nikaragua, Italia, Frantzia eta Alemania dira. Eta Aieteko 735 etorkinak Italia, Frantzia, Alemania eta Erresuma Batua dira. Izan ere, jatorriak baino, errentak banatzen ditu Donostiako auzoen errealitateak.
Segregazioa eskolaz eskola
Aipatu den moduan, 2018koak dira datuak, eta ez dira lortzeko errazak, askotan ere estigmatizatzeko beldurra dutelako ikastetxeek. Egun, hiru dira Donostian atzerritar jatorri maila altua duten ikastetxeak: Erdialdeko San Jose ikastetxea, %69tik gorako segregazio mailarekin; Egiako Presentacion de Maria, %62tik gorakoarekin; eta Amara Berriko Katalina de Erauso, %43tik gorakoarekin.
Azken hau da publikoen artean segregazio maila altuena duena, “tradizioz” B ereduko ikastetxe bat izan delakoan. Egun, D eredua soilik dagoen arren, “puntu beltz” bat dela uste dute Steilasko kideek. Zubiak dioenez, auzoaren errealitatea islatu beharko lukete ikastetxeek, baina alde handia dagoela onartzen du: “Auzo txiroagoetan, gehiago islatuko da Antiguan baino; baina, era berean, Santo Tomas Lizeoa Antiguan dago, eta zero dauka, Luberriren ondoan. Berdin Zurriola Ikastola Zuhaiztirekin alderatuta”.
Titulartasunak badu garrantzia. Izan ere, Donostian adierazgarria den beste puntu bat da Ikastolek duten atzerritar maila baxua. 2018tik zertxobait igo dela baieztatu badugu ere, %0tik hurbil daude Santo Tomas Lizeoa, Axular Ikastola eta Zurriola Ikastola; baita beste itunpeko batzuk ere, Egiako Sagrado Corazon de Mundaiz, Bidebietako eta Loiolako La Salle, Antiguako Ekintza eta Miramongo Mary Ward, esaterako..
Pribatu-itunpekoek duten trataerarekin oso kritikoak dira Steilasko kideak. “Deutsche Schulek esaten du: guk ateak irekita ditugu, baina ez dira etortzen. Eskibel eta Erainen kasua bera da, ezin dute sexuaren arabera banaketarik egin eta matrikulan jartzen dute neskak eta mutilak hartzen dituztela. Baina, familiak ez dira joango, eta joanez gero, konbentzitu egingo dituzte hobe dela ezetz. Eta honela, Hezkuntza Sailaren aurrean esan dezakete ez dutela bereizketarik egiten”.
Kristau Eskoletan segregazio handiena
Donostian bi kristau eskola diren arren segregazio altuena dutenak, irudi okerra egingo genuke atzerritar gehienak bertan biltzen direla pentsatuz gero. Izan ere, badira gutxienez bi Kristau Eskola mota, eta euren artean bada alderik.
Kristau Eskolek euren artean ere segregazioa egiten dutela dio Berazadik: “Bi aurpegi ditu Krisatu Eskolak: Presentacion de Maria, La Asuncion eta Niño Jesus de Prada modukoak, desagertzeko arrisku handia dutenak”. Berazadiren ustez, kristau eskola txiki hauek funtzio sozial handia betetzen dute, etorkin familia txiro askoren beharrak asetuz.
Bestetik, badaude elitistagoak diren kristau eskolak ere: “Summa Aldapetak orain dela gutxi 20 milioi euroko eraikina egin du, igerileku klimatizatu eta guzti”. Atzerritar kopuru baxuagoa dute ikastetxe hauek: Aldapetak %4,1, Groseko San Ignacio de Loiolak %2,23, eta Antiguako Aita Larremendik %4,15.
Ongi Etorri Eskolarako Garazi Zarauzek dioenez, hainbat arrazoi daude Kristau Eskoletan atzerritar metaketa handiago bat gertatzeko. Horietako bat da jatorriko herrietan dituzten hezkuntza sistemekin alderatzea: “Hezkuntza sistema herrialdeen arabera oso ezberdina da, bai prestigioan eta baita kalitatean ere. Jatorri latinoamerikarreko familia batzuk kristau eskola kalitatearekin lotzen dute, euren herrialdeetako publikoek baliabide nahikorik ez dutelako. Eta gero ere erlijioa oso presente duten familiak dira askotan”.
Udaletik asko egin daitekeela uste du Zarauzek, harrerari dagokionean adibidez: “Familia askok ez dakite zer den egin behar dutena, nora jo behar duten edo zeren arabera aukeratu. B eredua badirudi egokiagoa dela hasiera batean, baina inklusiorako eta abar D eredua egokiagoa dela azaltzea garrantzitsua da, besteak beste”.
Itunpeko eskaintza “puztua”
Steilasek uste du segregazioa administrazioaren erantzukizuna dela: “Hemen, batez ere, planifikazioa da segregazioa eragiten duena. Momentu honetan, ikastetxe pribatuen eskaintza puztuta dago. Pribatuei ez zaie inongo tapoirik jartzen; ateak zabaltzen dizkiete familia guztiei eta gainontzekoak publikora doaz. Ordaindu ezin dutenak publikora doaz, beraz”.
Gurasoek euren seme-alabak nora eraman aukeratzeko orduan, “ihesaldi efektu” batez hitz egiten du Berazadik: “Sarri entzuten dira ‘ez dut nahi nire seme-alaba horiekin nahastea’, eta honelakoak. Eta, hain zuzen, itunpekoen ezaugarri nagusietako bat hori da: sarea sortzea, ‘zeinekin harremantzen dira nire seme-alabak, eta ni norekin egongo naiz parkean ama edo aita gisa’, eta hor hasten da influentzia sare bat, gora, gora doana”. Zubiak garbi dio: “Klasista hutsak gara. Gure klaseko jendearekin egon nahi dugu, edo ahal bada goragokoekin”.
Pobreen segregazioa
“Beste herrietatik datozen pertsonak izateaz gain, motxila sozial eta ekonomiko handia dute” dio Boludak. Izan ere, gauza bat da immigrazioaz hitz egitea, eta beste bat herrialde txiroetatik datorren immigrazioaz hitz egitea. Deutsche Schulek, adibidez, inguruko ikastetxeena baino segregazio maila altuagoa du; bistakoa denez, Europako eta maila ekonomikoko altukoak diren atzerritarrak direnak.
Ikastetxeek ISEK adierazlea dute, gurasoen maila sozioekonomiko eta soziokulturala aztertzen duena: ikasketa maila, etxean liburuak ba ote dituzten, etxeko lanak egiteko denbora ba ote duten… Ikerketa gehienen arabera, ISEK-ak lotura zuzena du ikasleen arrakasta akademikoarekin.
Berazadik azaldu duenez, Antiguaren moduko auzoek ISEK maila altuagoa dute Altzarekin, Intxaurrondorekin edo Egiarekin alderatuta. Kristau Eskolen artean ere aldea legoke, La Asuncion edo Aldapetak duten atzerritarren ezaugarriekin eta zaurgarritasunarekin.
Bestalde, Boludak azaldu duenez, Ikasleen Gurasoen Elkartearen kuotak hiruhilabetean 100 euro balio badute, edo eskolaz kanpoko jarduerak garestiak badira, edo irteerak urtean hiru edo lau aldiz badira, hainbat gurasok ezin dute ordaindu eta kanporatuak dira. “Ez da soilik zentroaren arazoa, badago ere erakundeei dagokiona. Erremintak jarri behar dira hezkuntza irisgarria izan dadin”.
Ikastolak, “ghetto zuriak” izateko arriskuan
Errealitate gordinenetako bat da Donostiako Ikastolek duten atzerritar ikasle kopuru baxua. Ikusi dugunez, zerotik gertu daude; auzoetako errealitatetik urrun samar. Berazadik dioenez “ghetto zuriak” ari dira bilakatzen, inguruko ikastetxeekin alderatuta.
Zurriola Ikastolako guraso Aritz Grijalbaren ustez, “datuak hor dauden arren, arazoa konplexuagoa da. Titulartasuna faktore bat da, baina ez bakarra. Donostian, adibidez, politika urbanistikoek asko baldintzatzen dute auzoetako populazioaren perfila”.
Hizkuntza eredua titulartasuna baino garrantzitsuagoa dela uste du Grijalbak. Silvan & Miracle aholkularitza enpresak egindako ikerketa bat dakar: “EAEn D eredu publikoan ikasleen %7a da atzerritarra, eta D pribatuan %3a. Aldea dago, baina ez da hainbestekoa. Segregazioa, beraz, A eta B ereduan ematen da, sistema publikoan”. Donostian, ordea, egoera hau ez da guztiz honela ematen, izan ere, Donostiako publiko guztiak D eredukoak dira soilik, eta B eredua itunpekoetan topatzen da, hain zuzen segregazio maila altuagoa dutenetan.
Edonola ere, titulartasunaz hitz egiten denean “modu interesatuan” hitz egiten dela uste du Grijalbak: “Sentsazioa dut datu batzuei eusten zaiela Ikastolen aldeko mugimenduaren kontra egiteko”. Grijalbak argi du: “Segregazioa ez du hezkuntzak sortu, eta ez da hezkuntzatik soilik konponduko, are gutxiago publiko-pribatu eztabaidatik”.
Zer egin kultur aniztasunaren kudeaketan?
Ongi Etorri Eskolara egitasmoak kulturartekotasunaren ikuspegia txertatzearen garrantzia sustatzen du. Era berean, segregazio, diskriminazio eta arrazakeria egoerak ekiditea da euren asmoa.
Zazpi ikastetxetan ari dira lanean Donostian. Egiako Aitor Ikastolan abiatu zen proiektua, eta Zuhaizti, Maria Reina, Intxaurrondo Ikastola, Orixe Ikastola, Jakintza Ikastola eta Amara Berri eskolan ari dira lanean: “Oso antzekoak dira euren artean. Portzentaje antzekoa dute. Atzerritar jatorriko ikasleak %25aren bueltan daude, batzuk %30, besteak gutxiago”. Familia laguna deitzen da martxan duten egitasmoa, eta harrera familiek familia atzerritarrak elkar ezagutzea eta harremana sustatzea bilatzen du.
Egitasmoko Garazi Zarauzek dioenez, “hezkuntza da aniztasuna lantzeko toki apropos eta pribilegiatu bat, hainbat belaunaldi batzen direlako, eta komunitate osora iritsi zaitezkeelako. Auzoetako etorkin gehienek familia bertan osatu dute, eta beraz, beraiengana iristeko aukera aproposena da. Eskoletan egiten dugu lan, baina komunitateari begira”.
Diotenez, “ez gaude ohituta jatorri ezberdinetako herritarrekin egotera, eta gaudenetan, gure pribilegioetatik izaten da. Beste familiekin harremanetan jartzen garenean, konturatzen gara zein behar dituzten”.
Zurrumurru eta jarrera arrazistak gelditzeko tresna garrantzitsuena da elkar ezagutza, Boludaren arabera: “Familiak gure burbuiletan egoten gara. Adibidez, konturatzen zara familia bat beti berandu iristen dela eta hasten da jendea ‘joder, Hondurasko hauek, a ze erritmo karibearra duten’ eta honelakoak, eta bat-batean, familia lagunaren bitartez ezagutzen duzu bere egoera zein den. Eta konturatzen zara emakume hau gauez ari dela lanean, 07:00etan iristen dela etxera, ordu bete egiten duela lo, eta oraindik indarrak dituela seme-alabak eskolara eramateko. Pertzepzioa eta enpatia asko lantzen dira. Eta gero kontagiatu egiten da. Aurrerago, antzekoa den komentario bat entzuten baduzu zuk ere alarma piztuta izango duzu”.
Ongi Etorri Eskolarak lan handiena bertako herritarrekin egiten du, ez kanpotarrekin: “Badugu ideia gurera moldatu behar direnak beraiek direla, eta esfortzua beraiek egin behar dutela; baina ez da horrela, kultur aniztasuna barruan gauden guztion ardura da”.
Euskalgintzaren erronka
Ikastolek sorreratik izandako euskalduntzeko funtzioari eusten dio Grijalbak: “Euskalduntzea ez da soilik euskaraz irakastea. Baita ere bada Euskal Herria irakatsi eta euskal kultura irakastea”. Zentzu horretan, Ikastolen herri mugimendu izaeran sinesten du Grijalbak, eta aurrera begira ikasle atzerritarrekin egin beharreko lana azpimarratzen du.
“Etorkinak herri honen parte dira, eta Ikastolek erantzuna eman behar diote, noski, kultur aniztasunaren ikuspegitik eta gizarte kohesioaren ikuspegitik funtsezkoa baita”. Bere seme-alabak “ghetto zurietan” hezteko beldurraren inguruan galdetuta, Grijalbak argi dio “kezkatu” egiten duela, auzoaren errealitatea ez delako behar bezala islatzen ikastolan. “Baina, esan bezala, egoera hau ez du Ikastolak sortu, eta ez du Ikastolak bakarrik konpondu behar: gu saiatzen gara gure eskolatik kanpo bizilagunekin harreman horiek sustatzen, adibidez”.
Boludaren ustez, “euskararen alde borrokatu nahi baduzu, burbuilak sortzea da egin dezakezun azken mesedea. Euskara erakutsi nahi baduzu, nahastu egin behar gara. Eta euskaldunak, inolako migranterik ez dutenekin, ez dira errealitatean hezten ari. Burbuiletan ari dira, eta ez dira gizarte honentzat hezten ari, existitzen ez den batentzat, baizik. Hor denok galtzen dugu. Amelia Barquinek honela dio: immigrante kopuru handia duten eskolek ez dute ondo hezten, eta kopuru handia ez dutenek ere ez”.
Berazadirentzat ere kezkagarria da egoera: “Lehen hemen bazegoen langile klase bat euskalduna zena. Orain langile klase bat hezten ari da euskarari bizkar emanda haziko dena. Eta akaso akats estrategiko historiko oso garrantzitsua egiten ari da euskara edo euskalgintza, langile hauei guztiei bizkarra ematen, eta euskaldunak ghetto zurietan sartzen”.
Egoera muturrekoa ez den arren, aldaketarik eman ezean, ikastetxeetan ikusten dugun desoreka gotortu egin daiteke, euskararentzat eta bizikidetzarentzat kalte. Baina egoera osotasunean ulertuta; harriak eta teilatuak ondo bereiziz. Ikastolek duten segregazio maila antzekoa dutelako Donostiako Piratek, Realak, Egiako Porrontxo jaiek eta IRUTXULOKO HITZA-k berak. Euskara zabaltzeko, euskaldunon eremuak zabaldu behar ditugu halabeharrez. Gutxituak garenon artean batuz, gutxietsi ez gaitzaten.