EH Bilduk Ategorrietan eraildako langileak oroitu ditu
Donostiako eta Pasaiako EH Bilduko zinegotziek, hainbat herritarrekin batera, lore eskaintza egin dute gaur, Ategorrietako sarraskiaren 91. urteurrena oroitzeko. Egun horretan, 1931ean, portuko zazpi langile hil zituen Guardia Zibilak, Ategorrietako erlojuaren parean, Donostiako erdigunera manifestazioan zihoazela, haien lan baldintza penagarriengatik protesta egitera.
Markel Ormazabal eta Iraitz Pazos Donostia eta Pasaiako zinegotziek hitza hartu dute Donostiako nahiz Pasaiako badiaren bilakaera historikoan langileen mugimenduak eta sindikatuek izan duten, eta duten, garrantzia nabarmentzeko.
Iaz, 90. urteurrenaren harira, EH Bilduk Udal Gobernuari proposatu zion Ategorrietako sarraskia ofizialki oroitzea, eta, “atzerapen askoren ondoren”, udalak plaka ofizial bat jarri zuen bertan, eta errekonozimendu instituzionaleko ekitaldia egin zuen iazko abenduan
Polloeko mausoleo frankista
Ekitaldia aprobetxatu du EH Bilduk Polloeko auzia gogora ekartzeko. Joan den astean, Aranzadi Elkarteak Polloeko mausoleo frankistan, gutxienez 17 miliziano eta gudarien ehorzketa demostratzen duten zenbait dokumentu historiko argitaratu zituen. Donostiako EH Bilduko udal taldeak Giza Eskubideen Batzordean aurkeztutako ekimen instituzional batetik abiatu den azterlana izan dela aipatu behar da.
Bi gertaera horiek “gure hiriaren historiaren zati” direla dio koalizioak: “Hala ere, bai gudarien eta milizianoen ehorzketa Polloen, bai Ategorrietako sarraskia eta, oro har, langileen mugimenduaren borroka, hiri kontakizunetik kanpo utzi nahi izan dira. Aitzitik, langile mugimenduaren eta sindikatuen borrokak izan dira –eta hala izaten jarraitzen dute– Donostiako hiri nortasunaren ezaugarrietako bat eta, are gehiago, Donostiako, Gipuzkoako eta Euskal Herriko egungo ongizate maila, batez ere, langile borrokei esker lortu da”.