"Talde sendoa garela erakutsi dugu, eta hori erabakigarria izan da"
Denboraldia Realaren ordezko atezain gisa hasi arren, pixkanaka hasierako hamaikakoan egonkortzea lortu zuen Elene Letek (Zumarraga, Gipuzkoa, 2002). Atezain onenaren Zamora saria irabazi du jokaturiko 22 partidatan koefiziente onena lortuta –0,63 gol partida bakoitzeko–. Txuri-urdinen denboraldiko jokalari erabakigarrienetako bat izan da.

Zure lehendabiziko Zamora saria eskuratu duzu. Pozik zaude lorturikoarekin?
Oso pozik, egia esan. Lehen partida jokatzean ez duzu buruan Zamora saria eskuratzeko aukerarik izango duzunik. Niri, behintzat, ezinezkoa iruditzen zitzaidan. Adriana Nanclares atezain titularrak min hartu zuenean, entrenatzaileak konfiantza eman zidan, eta aukera aprobetxatzen ahalegindu naiz. 20 urteko bi atezain gara, eta hori ere bada nabarmentzekoa. Zamora sariari dagokionez, 22 partida jokatu behar dira, eta bakoitzean 60 minutu gutxienez. Ligako atezain guztien artetik koefiziente onena lortzea ezustekoa izan da niretzat.
Liga bigarren postuan bukatu duzue eta Txapeldunen Ligarako sailkatu zarete. Denboraldia ia perfektua izan da?
Talde honek ligan lortu duen emaitzarik onena eta puntuaziorik altuena da. Gainera, Txapeldunen Liga jokatzeko sailkatu gara historian lehen aldiz. Denboraldi hasieran entzuten genuen kasualitatea zela lortzen ari ginena, bai emaitzak eta baita jokoa ere. Denborarekin, ordea, erakutsi dugu ez dela kasualitatea izan.
Zeintzuk izan dira gakoak?
Batetik, talde sendoa garela erakutsi dugu, eta hori erabakigarria izan da. Bestetik, momentu txarretan aurrera egitea lortu dugu denok bat eginda. Ez da ahaztu behar denboraldia hasi aurretik hamar jokalarik utzi zutela taldea, eta ezin da ukatu zalantzak izan genituela. Dena dela, etorri zirenekin talde ona osatu, entrenamenduetan lan ona egin eta hori da zelaian erakutsi duguna.
Atezain gisa, gainerako taldekideak aurrez aurre ikusteko aukera izan duzu. Joko aldetik, zure ustez zer nolako maila eman duzue zelaian?
Bikaina. Lerro guztietan maila ona eman dugu, eta hori da lorturiko emaitzak erakusten duena.
Txapeldunen Liga izango da hurrengo denboraldiko erronkarik potoloena, ezta?
Beldurrik ez diogu maila horretan jokatzeari. Egokitzen zaizkigun taldeen kontra orain artekoa egiten saiatuko gara; hau da, dena emango dugu.
Ez dadila Bartzelona tokatu!
Edo bai, zergatik ez? Tira, hobeto pentsatuta hobe da aurrerago tokatzea.
Kataluniako taldeak beste maila batean dagoela erakutsi du. Realaren denboraldiko arantzetako bat Kopan haien kontra jokatzea izan da?
Horrela da, bai. Ez genuen lehen kanporaketako arerioa Bartzelona izatea nahi. Batez ere, ligan erakutsitako nagusitasunagatik. Horrela ere, maila eman genuela uste dut [0-3 galdu zuten]. Partida bakarreko kanporaketa zenez, gure onena ematen ahalegindu ginen, eta ligako neurketen aldean hobeto aritu ginela nabarmendu behar da.