Udaberri Jaia egingo dute bihar Egian
Bi urteren ostean, Udaberri Jaia antolatu dute berriz ere Egian. Bihar egingo dute, eta egun osoko egitaraua prestatu dute, askotariko jarduerekin.
Pelax taldea. Udaberri bete-betean gaude, eta Egian badakite, bi urteren ondoren, Udaberri Jaia antolatu baitute auzoan biharko, eta egun osoan zehar haibat jarduera egingo dituzte.
10:00etan hasiko dira, ibilaldi gidatu batekin. 36ko gerraren hasieran Egian gertatu zena ezagutuko dute ibilaldian, Josetxo Otegi historialariaren eskutik. Lauaizeta ikastetxean hasi, hilerriaren inguruko baserrietan hainbat geldialdi egin, eta hilerrian barrena Aldakonea aldera abiatuko dira. Ahizpa Behartsuen etxearen inguruan eta gaur egungo Cebanc ikastetxean geratu ondoren, Zuhaizti eta Mandasko Dukearen kaleak zeharkatuko dituzte, Kristinaenea parkean amaitzeko.
Bestalde, 13:00etan, trikipoteoa abiatuko dute Koxko tabernatik, eta auzoko kaleak girotzen ariko dira, 14:30era arte. Orduan, herri bazkaria egingo dute Plaza Haundin. Bazkarirako txartelak Koxkon eta Katan erosi daitezke, 15 euroan (haurrentzako 8 euroan).
Azkenik, 18:00etan, Elkartasun Jaialdia egingo dute Kata tabernako plazan, La Jodedera eta Pelax taldeen kontzertuekin.

