Egia da bizipozaren herria
Egian ondo pasatzen dakitela gauza jakina da. Urtean behin, gutxi gorabehera, antolatzen dute Egiako Udaberriko Jaia, Egia Bizirik auzo elkarteak eta hainbat auzoko eragilek, elkartasun bazkari, poteo eta kontzertuekin.
Aurten, goiz-goizetik hasi da eguna, Josetxo Otegi historialariak prestatutako ‘Herri memoria, 1936ko uztaila Egian’ paseo gidatuarekin. Goizeko hamarretan Lauaizeta ikastolan hasi dira, kanposantu inguruko baserrietan hainbat geldialdi egin eta kanposantutik barrena Aldakonea aldera abiatuz. Ahizpa Behartsuen etxe inguruan eta gaur egungo Cebanc ikastetxean geratu ondoren, Zuhaizti eta Duke de Mandas zeharkatuko dituzte Gladys Enea parkean amaitzeko.
Bazkari herrikoia egin da ostean Plaza Haundin, eta trikitilari eta abarrez lagunduta, Kata tabernako plazaran joan dira ostean. Iaz zendu zen Katako Txarliri omenaldi sentitua eskaini diote, batek baino gehiagok ezin izan dio malkoei eutsi.
Emozioak apur bat baretutakoan, Pelax taldea arduratu da berriz ere jai giroa auzora itzultzera, auzoko rockaren erakusketa bikaina eskainiz. Jarraian, ia-ia etxekoak diren La Jodedera andoaindarrak etorri dira, auzotarrei salsa eta son kubatarrarekin izugarrizkoa giroa sortuz, dantza eta dantza artean. Egitaraua hor bukatu da, eta garagardoak ere, baina festarako gogoak, bistan zenez, topatu ditu jarraitzeko bideak.