Bera Berak Anne Erauskin fitxatu du
Azken lau denboraldietan Barakaldoko Zuazorekin jokatu ostean, Anne Erauskin eskuin hegaleko jokalaria Bera Berarekin ariko da datorren denboraldian. Adriana Cardosok Donostiako taldea utzi zuenean, Erauskin ordezkoen artean zegoen. Horrela ere, Maitane Etxeberria, Cavo, O’Mullony eta Polonio jokalariekin moldatu ziren. Aldiz, datorren denboraldirako postu hori indartzea erabaki du Bera Berak, eta horregatik fitxatu dute. “Gure profila du, azkarra da, jokaldiak ondo bukatzen ditu eta asko hazi da urte hauetan”, adierazi du Tati Garmendia kirol zuzendariak.
Erauskin Ermuan jaio zen 1998an. Zilarrezko mailan hainbat urtez aritu zen, eta dagoeneko Imanol Alvarez Bera Berako entrenatzailearen aginduetara aritu izan da. Zehazki, Espainiako selekzioaren gazte mailako taldearekin. 2018-2019 denboraldian eman zuen jauzia Ohorezko Mailara Zuazorekin. Aldiz, pasa den denboraldia izan da bere onena, 73 gol egin dituelako.