I. Antropologia Feminista Kongresua Donostian izango da ekainaren 8tik 10era
350 lagun espero dituzte datorren astean egongo diren bost mahai inguru eta 186 paneletan.
I. Antropologia Feminista Kongresua ekainaren 8tik 10era izango da Donostian, UPV/EHUko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatean. UPV/EHUko AFIT Antropologia Feminista Ikerketa Taldeak eta Ankulegi Euskal Antropologia Elkarteak elkarlanean antolatzen dute nazioarteko kongresu hau. Guztira, unibertsitatean eta hortik kanpo ari diren 23 ikerlari aritu dira antolakuntzan, eta kongresu egunetan gradu, master edota doktoregoan ikasle diren beste 25 lagun arituko dira.
Kongresuen helburuei dagokionean, antropologia feministak diziplinari egiten dizkion ekarpenak eta gaur egun dituen eztabaida eta erronka nagusiak aztertzea bilatuko dute, batetik, eta, antropologia feministaren eta feminismoaren eta, oro har, gizartearen arteko harremanak berrikusiko dute, bestetik.
Hiru egunetako kongresua izango da eta bi interbentzio mota izango dira, mahai inguruak eta panelak. Mahai inguruetan hauek izango dira jorratuko diren: Unibertsitatea, jakintza eta prekarietatea: biziraupen zaila; Genero-antropologia eta antropologia feminista: genealogia komun baten zenbait ibilbide; Eztabaida eta erronka teorikoak; Prozesu etnografiko eta ekarpen metodologikoak; Antropologia feminista, feminismoa eta jendartea: eztabaida eta harremanak.
Bestetik, aldibereko hamasei panel egongo dira lau une ezberdinetan, eta, besteak beste, honako gaiak landuko dira horietan, besteak beste: antropologiaren aplikagarritasuna; osasunaren antropologia; migrazioak, dekolonialitatea eta giza eskubideak; zaintzak eta feminismoak; gorputzak, genero disidentziak eta disidentzia sexualak; ahaidetasuna eta ugalketa; jaiak, ondareak eta tradizioak. Paneletarako, guztira, 225 komunikazio jaso dituzte, eta horietatik 186 aurkeztuko dira kongresuan.
2018an hasi zen kongresua antolatzen, 2020ko ekainean egiteko asmotan, baina urte horretako martxoan bertan behera utzi behar izan zuen taldeak. Hurrengo astean gauzatuko den kongresuan 350 pertsonak baino gehiago parte hartuko dutela espero dute, “horietako asko Euskal Herrikoak, baina beste horrenbeste nazioartekoak”. Hizlari gonbidatuei dagokienean, sei euskal herritarrak dira, eta hamar nazioartekoak; Kataluniatik hasi eta Herbereetara, Brasilera eta Mexikoraino.
Talde antolatzaileei dagokionez, AFIT ikerketa taldeak 9 urteko ibilbidea du eta bertan diharduten ikertzaileek urte asko daramate ikerketan. Nabarmendu behar da ikerketa talde hau erreferentzia esanguratsua dela bere arloan Espainiako estatuan. Ankulegi Antropologia Elkarteak 28 urteko ibilbidea du eta bere zeregin nabarmenetakoa izan da antropologia gizarteratzea, antropologia, kultura eta gizartearen arteko zubiak eraikitzen eta elikatzen.