Kontxako eta Ondarretako aldagela zerbitzurik gabe hasi da hondartza sasoia
Gaur, ekainak 1, abiatu da Donostiako hondartza sasoia. Halere, erabiltzaileek ez dituzte zerbitzu guztiak eskura izan. Kontxako eta Ondarretako aldagelak itxita egon dira, eta hainbat herritarrek kexa adierazi dute. Donostiako Udaleko Hondartzeko sailak iragarri zuen aldagelak erabilgarri egongo zirela ekainaren 1erako. Ez da horrela izan. Garbiketa eta egokitzapen arazoengatik egon dira itxita, udaleko iturriek argudiatu dutenez. Dena dela, ez dute esan noiz irekiko dituzten, baizik eta asteak aurrera egin ahala zabalduko dituztela.
Horrez gain, sorosleentzako egurrezko dorre berriak inauguratu dituzte. Gaur egungoek baino altuera txikiagoa dute, 1,5 metroko plataforma eta baranda bat. Era berean, eskailera bertikalen ordez aldapa dute, sorosleek hobeto lan egiteko. Zaintza dorre hauek propio diseinatutakoak dira, eta urari eta hezetasunari kontra egiteko landuak daude.