Kristinaeneak zuhaitz bereziak identifikatuko ditu, ibilbide botaniko bat sortuz
Kristinaeneak zuhaitz bereziak identifikatuko ditu plaken bidez, ibilbide botaniko bat sortu eta herritarrek parkea hobeto ezagutzeko helburuarekin.
Marisol Garmendia Ekologiako zinegotziak adierazi duenez, Kristinaenea informazio-seinale horiek izango dituen lehen parkea izango da, baina ez bakarra. Kartelak zuhaitzen sustraiak kaltetu gabe jarriko dira, eta zuhaitzaren izena euskaraz, gaztelaniaz eta izen zientifikoa latinez agertuko da haietan. Gainera, QR kode bat izango dute, eta webgune batera bideratuko du kodeak, zuhaitzaren xehetasun gehiago ezagutu ahal izateko.
Metalezko hogei seinale jarriko dituzte lurrean iltzatuta, eta ibilbide botaniko bat sortuko dute parkeko zuhaitz nagusietan zehar; hala nola, Libanoko zedroan, ginkgoan, sekuoietan, likidanbarean, Indietako gaztainondoan eta beste batzuetan egongo dira plaka horiek.
Kristinaenearen ondoren, Aiete, Miramar, Miramon edo Gipuzkoa plazako parkeetan antzeko plakak jartzea pentsatzen ari da Donostiako Udala, zuhaitz garrantzitsuak baitaude toki horietan ere.