Viktoria Eugenia antzokiko eta San Telmo museoko fatxadak babesteko lanak egingo dituzte irailera arte
Aste honetatik irailera arte, Viktoria Eugenia antzokiko eta San Telmo museoko fatxada historikoak babesteko lanak egingo dituzte, eta behin-behineko aldamioak jarriko dituzte horretarako, nahiz eta lanek ez duten guneetako programazioan eraginik izango. Hain zuzen ere, Viktoria Eugenia antzokiaren goialdean dagoeneko ikus daiteke lanetako materiala.
Petra S. Coop enpresak egingo ditu lanak fatxaden unitate potentziala eta kalitate estetikoa berreskuratzeko, eta, etorkizunera begira, prebentziozko mantentze eta kontserbazio plan egoki bat ahalbidetzeko, haien osotasun fisikoa eta materiala bermatuz. Lanak gauzatzeko, hainbat adituz osatutako taldea egin du udalak: Joaquin Zubiria arkitektoa, 2007an amaitu ziren antzokiaren berritze lanak sinatu zituena; Aitor Alzelay arkitekto teknikoa eta Jose Luis Larrañaga kontserbazio eta berritze lanetan aditua.
“Bi eraikinak, hirian ospetsuak izateaz gain eta balio eta interes historiko, artistiko eta kultural aitortua edukitzeaz gain, eraikin babestuak dira. Horrek esan nahi du egin behar diren esku hartze guztietan babes berezia dutela, eta ondareari buruzko legeak bete behar dituztela”, azaldu du Donostia Kulturak.