Donosti Cup txapelketako sistema aldatu dute, taldeen arteko errespetua sustatzeko
Donosti Cupeko partida bat, Matigoxotegin. (Argazkia: Estitxu Zabala) Donosti Cup futbol txapelketak bere lehiaketa sistema aldatzea erabaki du, 12 urtetik beherako haurren kategorietan (B12, G12, B11, B10, G10 eta B9 kategorietan), “horrelako txapelketa batean lekuz kanpo dauden gol kopuru handiak saihesteko”. Horrela, “aurkariarekiko errespetua” sustatzea da aldaketaren helburu nagusia, baita “kiroltasuna eta joko garbia” sustatzea ere.
Lehenengo fasean, talde guztiek futbol-8 modalitatean jokatuko dute, baina ez dituzte golak kontabilizatuko. Hain zuzen ere, partidak bi zatitan banatu beharrean, hiru zatitan banatuko dituzte (hamabost minutuko bi eta hogei minutuko bat), eta zati bakoitza teniseko set baten modukoa izango da. Horrela, irabazitako zati bakoitzak bi puntu emango dizkio talde irabazleari, berdinketak puntu bat eta galdutako zatiek zero puntu.
“Aldaketa honekin 12 urte baino gutxiagoko jokalariek futbolaren esperientziaz gozatzea lortu nahi da”, antolatzaileen esanetan. Izan ere, gol kopuruak ez du inolako baliorik izango; berdin du zati bat 1-0 edo 8-0 irabaztea, puntu kopuru bera lortuko du talde irabazleak.
30 urte
Donosti Cup lehiaketak hiria nazioarteko haurren eta gazteen futbol taldeez bete ohi du hiria udan, eta, aurten, 30 urte beteko ditu. Uztailaren 3tik 9ra egingo dute, eta dagoeneko 760 taldek eman dute izena.

