Ekainaren 13tik 25era bizikleta martxa egingo du pentsiodunen mugimenduak
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak ekainaren 13tik 25era bizikleta martxa bat egingo du. Hamahiru egun horietan, “jaiegun eta aldarrikapen giroan”, Euskal Herriko eskualde guztiak zeharkatuko dituzte, pentsio publiko duinak eskatzen jarraitzeko.
Ekainaren 13an abiatuko da Donostiatik eta hilaren 25ean amaituko da Donostian ere. Tartean, Azpeitia, Ondarroa, Zornotza, Plentzia, Bilbo, Amurrio, Gasteiz, Iruñea, Bera, Baiona eta Irunetik pasako delarik.
Lau urte baino gehiago mobilizatu ondoren, “pentsioak murrizten zituzten neurri batzuk leheneratzea lortu” du mugimenduak. Martxa honetan, 1.080 euroko Gutxieneko Pentsioaren aldarrikapena, Zerbitzu Publikoen defentsa eta Zainketa Partekatuen Lana nabarmendu nahi ditu mugimenduak.
Adierazi dutenez “52 hilabeteko borrokak erakusten digu gure aldarrikapenak lortzeko bermerik onena mobilizazioa dela. Hori dela eta, herritar guztiei dei egiten diegu Bizikleta Martxa igarotzen den herrietan modu aktiboan parte har dezaten egiten diren ekitaldietan”.
Pentsiodunen borrokak egungo langileei ere eragiten diela uste du mugimenduak, “erretiroaren ondoren bizi-baldintza duinak lortzea guztioi dagokigun eskubide unibertsala delako”. Horregatik, “langile, gizon , emakume eta gazteei” dei egiten diete azken etaparen amaierako manifestazioan parte har dezaten, ekainaren 25ean Donostiako Alderdi Ederren 12:00etan.