Euskara Zerbitzuak maila urria duten gazteentzako ikastaroak antolatu ditu uztailerako
Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak, hiriko euskaltegiekin elkarlanean, maila urria (B2 gehienez) duten 16-18 urte bitarteko gazteentzat euskara ikastaroak antolatuko ditu uztailean. Hiruzpalau asteko ikastaroak izango dira, eta DBH 4, Batxilergo 1 eta Lanbide Heziketako gazteak lehenetsiko dira. Ikastaro hauetan parte hartzeko 2022an ezinbestean 16 urte bete behar dituzte gazteek, Donostian erroldatuta egon behar dute edo Donostiako ikastetxeren batean ikasi. Izena emateko epea ekainaren 15ean itxiko da.
Ikastaroak 60 ordukoak izango dira, 60 euro balioko dute eta eta Donostiako euskaltegietan eskainiko dira. Talde bakoitzean 8-12 gazte egongo dira. Ikastaroak egiteko bi aukera egongo da: A aukera, uztailaren 4tik 22ra, hiru aste, lau ordu egunean (09:30-13:30); eta B aukera, uztailaren 4tik 29ra, lau aste, hiru ordu egunean (10:00-13:00).
Izen-emateari dagokionez, ikastaroan parte hartu nahi duen gazteek www.donostiaeuskaraz.eus atarian eskura duten fitxa bat bete beharko dute. Fitxa bete eta gero, hiru aukera izango dituzte: udala_euskara@donostia.eus helbidera bidali, Euskara Zerbitzuan eskura eman edo bulegoan bertan bete (Konstituzio plaza 2, behea, 08:00- 14:00) eta Euskaltegietan eskura eman.
Izena ematen duten gazteen euskara maila zein den zehazteko hurrengo irizpidea hartuko da kontuan: A0 maila dutela kontsideratuko da gazteak Donostiara azken hilabeteotan iritsi badira, eta A1 maila dutela kontsideratuko da gazteek hilabete batzuk badaramatzate Donostian eta euskaraz zerbait baldin badakite.
Gainerako kasuetan euskaltegi bat arduratuko da gazteei mailaketa proba egin eta bakoitzari dagokion maila esleitzeaz. Taldeak euskara mailari erreparatuta osatuko dira eta ikastetxe ezberdinetako gazteak izatea lehenetsiko da. Taldeak ekaina bukaeran emango dira ezagutzera.

