"Ez genekien gure aurretik emakumeen futbola existitu zenik ere"
30 urte bete dira Añorgako emakumeen futbol taldeak lehenengo liga irabazi zuenetik, eta, urteurrenaren bueltan, garaiko hainbat jokalari eta entrenatzailea elkarrizketatu ditu IRUTXULOKO HITZAk.
Ezker eskuin, Marian Arizeta, Ixiar Bakero, Mamen Kapaldegi, Idoia Alberdi eta Ainhoa Bakero, Añorgako emakumeen futbol taldeko jokalari ohiak; Arizetaren eta Ixiar Bakeroren artean, Jexux Berra entrenatzaile ohia. (Argazkia: Joseba Parron San Sebastian) Emakumeen futbola, pixkanaka, bere lekua egiten ari da gizartean, gero eta indar handiago baitu. Besteak beste, Reala historia egiten ari delako gertatzen ari da hori, baina txuri-urdinak egiten ari direna, aurretik emakume futbolari aitzindariek oihartzun handirik gabe egindakoari esker da, hein handi batean. Hain zuzen ere, Añorga izan zen emakumeen futbol taldea sortu zuen lehenengo klubetako bat, eta garaipen esanguratsuak lortu zituen 1990eko hamarkadan; oraindik ere, estatuan liga eta kopa gehien dituen klubetako bat da.
Lehenengo liga 1991-1992 denboraldian irabazi zuen Añorgak, hain justu, duela 30 urte. Urteurrenaren bueltan, Marian Arizeta (Añorga, 1966), Ixiar Bakero (Goizueta, Nafarroa, 1969), Mamen Kapaldegi (Aiete, 1965), Idoia Alberdi (Antigua, 1969) eta Ainhoa Bakero (Goizueta, Nafarroa, 1972) jokalari ohiak eta Jexux Berra (Antigua, 1960) entrenatzaile ohia elkartu ditu hedabide honek, eta 1990eko hamarkadako garaipenak errepasatu dituzte, baita atzoko eta gaurko emakumeen futbolari buruz hitz egin ere.
Elkarrizketa osoa ostiralean egongo da irakurgai, astekarian eta webgune honetan. Ordura arte, hemen duzue aurrerapen txiki bat:
Garaiko prentsak zuen partiden eta garaipenen berri ematen zuen?
Marian Arizeta (M.A.): Gutxi. Finalerdietan, finaletan eta halako partidetan El Diario Vasco-koak eta ETBkoak etortzen ziren.
Ixiar Bakero (I.B.): Elkarrizketa batzuk ere egiten zizkiguten.
Ainhoa Bakero (A.B.): Beti zen horrelako neurketetan; bestela, ezer gutxi.
M.A.: El Diario Vasco-k Añorgari buruzko ataltxo bat zeukan, auzoko guraso batek zeramana, eta Añorgako gauzen inguruko kronikatxoak egiten zituen: batzuetan gure partidenak, beste batzuetan dantza emanaldienak, jaienak…
Ez zegoen zuen ibilbidearen jarraipen berezirik?
Jexux Berra (J.B.): Ez bereziki, ez. Egin-ekoak deitu ohi zigun partidak bukatzean, edo guk deitu behar genion batzuetan, eta gure emaitzen berri ematen zuen.
A.B.: Baina, gureak ez zeukan adibidez gaur egun Realak duen oihartzuna.
J.B.: Ser irrati kateko Gabi Ramosi ere deitzen genion emaitzen berri emateko, eta berak irratian kontatzen zuen. Baina gure ezaguna zelako, besterik gabe.
I.B.: Herri Irratiko Joseba Urdangarini ere deitzen genion, eta gauza bera egiten zuen, baina gauza bera, elkar ezagutzen genuelako. Gauza gutxi ateratzen ziren, baina bueno, hastapenak ziren.
Idoia Alberdi (I.A.): Zerbaitetarako balio izan du!
Profesionalak sentitzen zineten?
[Denak, barrez]: Ez, ez…
A.B.: Ez ginen profesionalak, inondik inora.
J.B.: Dirua galtzen zen.
M.A.: Begira, Espainiako selekzioarekin joaten nintzenean, dirua galtzen nuen. Izan ere, selekzioarekin joaten nintzen egunetan lanik ez egiteagatik kentzen zidaten selekzioak ordaintzen zidana baino gehiago. Bidaiak eta hotelak ordaintzen zizkiguten behintzat, hori bai. Bai selekzioan eta bai Añorgan. Egia da guregatik ere dirua sartzen zela. Esan behar da, baita ere, gure jantzietan ez zutela asko gastatzen: gainean josten zizkiguten gauza berriak, bakoitzak berea garbitzen zuen, eta abar.
I.B.: Leku gehienetan gertatzen zen hori.
Zuek ireki zenuten emakumeen futbolaren bidea hemen, eta, horri esker, neska gazteek gero eta emakumezko erreferente gehiago dituzte kirolean. Zuek halakorik izan zenuten?
I.B.: Guk ez genekien gure aurretik emakumeen futbola existitu zenik ere; zer erreferente izango genituen? Mutil kirolariak genituen erreferentetzat. Gerora, jakin dugu gure aurretik egon zirela emakume futbolari batzuk, baina ez genuen halako erreferenterik.
A.B.: Poza ematen du oraingo haurrek eta gaztetxoek emakume kirolari erreferenteak izatea.
I.B.: Hala ere, gu behintzat ez gaituzte ezagutu, zuzenean Realekoak ezagutu dituzte. Ordea, guk irabazi genuen guztia ikusita, uste dut oraindik lanketa handia egin behar dela hori ezagutarazteko. Izan ere, gaur egun goi mailan dauden talde askok guk baino txapelketa gutxiago irabazi dituzte. 30 urte pasa badira ere, oraindik ez gaituzte harrapatu.

