Kontxa inguruko lanek zirkulazioan aldaketa gehiago eragingo dituzte
Hilaren 6tik aurrera, Kontxa pasealekua itxita egongo da ibilgailuentzat asfaltatze lanak egiteko. Gauez izango dira, 00:00etatik 06:00etara. Lan horiek bi edo hiru astez luzatuko dira.
Kontxako pasealekua itxiko dute ekainaren 6tik aurrera, asfaltatze lanak egiteko. (Argazkia: Inaxio Esnaola) Kontxa inguruko obraren azken zatiaren fase berrien eraginez, kale batzuetan aldaketak egingo direla jakinarazi du Donostiako Udalak. Lanak uztaileko lehen egunetan bukatzea aurreikusten dute. Horrela, hilaren 6tik 10era, trafikoaren noranzkoa aldatuko da Zubieta kalean –Urbieta eta Marina artean–, San Bartolome kalean eta San Martin kaleraino iristen den Triunfo kalean. Bestalde, Zubieta eta Manterola kaleak itxi egingo dira. Aldaketa horiek guztiak pixkanaka egingo dira, aste guztian zehar.
Epe horretan, inguru horietara honakoak bakarrik sartu ahal izango dira: baimendutako ibilgailuak, sarbidea garajea dutenak, eta inguruko saltokien beharrei erantzuten dietenak. Udalak bertako bizilagunei eskatzen die inguru horretan ez aparkatzea, hilaren 3tik aurrera. TAOko 1-2 eremuko erabiltzaileei dagokionez, gainerako eremuetan aparkatu ahal izango dute, hilaren 27ra arte.
Hilaren 6tik aurrera, Kontxa pasealekua itxita egongo da ibilgailuentzat asfaltatze lanak egiteko. Gauez izango dira, 00:00etatik 06:00etara. Lan horiek bi edo hiru astez luzatuko dira. Hori dela eta, Antiguara joateko bide alternatibo bat erabili beharko dela ohartarazi du udalak. Zehazki bide hau jarraitu beharko da: Askatasunaren hiribidea, Urbieta kalea, Errondo pasealekua, Izoztegi, Pio Baroja, Urbieta, Larramendi, Lizarra eta Aldapeta. Bestalde, Mirakontxa pasealekuak itxita jarraituko du beste bi edo hiru astez, Miramar jauregira igotzeko aldean. Handik jaistea posible izango da. Horren ordezko irtenbide gisa, Kontxa pasealekuko eskuineko erreia irekiko da ibilgailuak Antigua aldera joateko.
Aldaketa ugari Erdialdean
Ekainaren 6tik 7ra, San Bartolome kalea itxi egingo da, Marina eta Triunfo kaleen arteko errepide zatian. Marina kaletik baimendutako ibilgailuak bakarrik sartu ahal izango dira. Era berean, Triunfo kalea itxita egongo da, San Bartolome eta San Martin tartean, eta Triunfo kaletik baimendutako ibilgailuak bakarrik atera ahal izango dira.
Hilaren 7tik 8ra, berriz, San Bartolome kalea itxi egingo da, San Martin eta Marina kaleen arteko errepide zatian. Marina kaletik baimendutako ibilgailuak bakarrik sartu ahal izango dira. Gainera, Lersundi Generala kalea itxi egingo da, San Bartolome eta San Martin artean. Lersundi Generala kaletik baimendutako ibilgailuak bakarrik atera ahal izango dira.
Aldaketa horien guztien ondorioz, hilaren 8tik aurrera San Bartolome kalearen noranzkoa aldatuta egongo da, bai eta San Bartolometik San Martinerainoko doazen Triunfo eta Lersundi Generala kaleetakoak ere. Marina eta inguruko beste kaleen noranzkoak, ordea, ez dira fase honetan aldatuko.
Ekainaren 8tik 10era, Zubieta kalea itxita egongo da, Urbieta kaletik Marinaraino. Baimendutako ibilgailuak bakarrik sartu ahal izango dira Askatasunaren hiribidetik. Cervantes aparkalekuko irteera Urbieta kalerantz izango da. Ordezko irtenbidea Antiguarantz honakoa izango da: Urbieta, Arrasate, Zubieta –Marina kalearekin bat egiten duenetik aurrera– eta Kontxa. Bestalde, Manterola kalea itxita egongo da, Arrasate eta Zubieta kaleen artean. Baimendutako ibilgailuak bakarrik sartu ahal izango dira Arrasate kaletik.
Hilaren 11tik aurrera, beraz, Zubieta kaleak trafikoaren noranzkoa aldatuta izango du, Urbieta eta Marina kaleetako tartean. San Bartolome kalearen noranzkoa aldatuta egongo da, bai eta San Bartolometik San Martinerainoko doazen Triunfo eta Lersundi Generala kaleetakoak ere. Horrez gain, Easo eta Kontxa artean dagoen bidegorria behin-behinean desbideratuko da San Bartolome eta Triunfotik.

