Liskarra izan da Kijera gaztetxe ohian, Mugimendu Sozialistaren eta Gazte Asanbladaren artean
Alde Zaharreko Gazte Asanbladaren eta Mugimendu Sozialistako kideen artean liskar handia sortu zen asteartean, azken hauek Kijera gaztetxe ohitik materiala ateratzen ari zirela.
Dirudienez, Mugimendu Sozialistako kide batzuek udaletxeari baimena eskatu zioten gaztetxe zaharrean zegoen materialaren zati bat berreskuratzeko. Mugimendu Sozialistak Gazte Asanbladari jakinarazi zion udalak baimena eman ziola, eta materiala jasotzeko aukera eskaini zien, bi aldeek onartzen duten moduan.
Materiala jasotzeko geratu ziren egunean AZGAko kideak ere bertaratu ziren gaztetxe ohira, “MSren materiala soilik eramango zutela” ziurtatzeko, udalak “soilik haien materiala hartzeko” baimena eman zietelako. MSko kide batek hedabide honi adierazi dionez, euren materiala ateratzeko baimena izateaz gain, gainontzeko materiala ateratzeko baimena ere bazuten: “Ez da egia eskatutako baimena soilik gure materiala ateratzeko zenik; guk zein Kijeran ibilitako beste eragileek materiala ateratzeko baimena eskatu zen, eta beste eragileei ere eskaini zitzaien (eta onartu zuten) aukera”.
AZGAk kontatzen duenaren arabera, ateratzen ari ziren materiala MSrena ez zela konturatzean hasi zen liskarra: “Haiena ez zen gero eta material gehiago ateratzen hasi zirenean, lapurreta bat egiten ari zirela leporatu zitzaien, bi aldeetatik tentsioa areagotuz eta erantzun desegokiak emanez”.
Donostiako GKSk adierazi duenez, material horrek hiru urte zeraman erabili gabe, eta orain arte “beste eragile batzuei” ez zaie materiala hartzeko oztoporik jarri. Salatu dutenez, AZGAk ez du bertan dagoen materiala erabiltzeko “besteek baino eskumen gehiago”, Kijera desalojatu ostean sortu zelako. Salatu dutenez, AZGAn Ernaiko eta Jarkiko kideak daude ia osotasunean eta MSren aurkako bozgorailu izateko zilegitasunik ez dietela onartzen adierazi dute. Hain zuzen, beste herri batzuetan izan den “beto politikoarekin” lotu dute gertakaria.
Azkenean, MSko kideek materiala eraman zuten, udalaren baimena zutelako. Ordea, liskar handiak izan ziren bi taldeen artean irain eta kolpeekin, bi taldeek hala salatu dutenez. Udaltzainak bertaratu egin ziren gaztetxe ohia irekitzeko, eta “enfrentamendua gertatzen ari zela ikusita, errefortzuak eskatu behar izan zituzten bi aldeak separatzeko”.
Bestetik, Mugimendu Sozialistako hainbat kidek salatu dute AZGAk bideo bat sareratu duela euren Instagram kontuan, liskarreko irudiak eta MSko kideen aurpegiak erakusten. MSren ustez, bideo horren helburua da “militante sozialistak publikoki markatzea eta jazartzea”.
Hona hemen bi taldeek euren sare sozialetan zabaldutako irakurketak:
Alde Zaharreko Gazte Asanbladan Mugimendu Sozialistako kideei jarritako beto politikoaren harira: pic.twitter.com/zVe8AuHWo0
— Donostiako GKS (@GKS_Donostia) June 2, 2022
1/2 *‼️AZKEN EGUNETAKO GERTAKARIEN HARIRA: pic.twitter.com/9qWcdIHHsQ
— Alde Zaharreko Gazte Asanblada (@AZgazteak) June 2, 2022