Minbiziaren aurkako elkartea kalera aterako da, gaitzaren aurkako dirua biltzera
Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkartearen karpa informatibo bat, Loiola kalean. (Argazkia: Beñat Parra) Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkartea Donostiako kaleetara aterako da berriz ere larunbat honetan, hilaren 4an, “ikerketa onkologikoa babesteko” dirua biltzera. 40 bat boluntario ariko dira diru bilketa egiten, 10:00etatik 13:00etara, lau auzotako hamaika gunetan: Antiguan, Jose Maria Sert eta Gaskonia plazetan egongo dira; Erdialdean, Loiola kalean, Bulebarrean (14. zenbakian), Askatasunaren hiribidean (Txurruka kaleko izkinan) eta autobus geltokian; Grosen, Euskadi plazan, Zurriola hiribidean (Kursaalaren ondoan) eta Nafarroa Beherea plazan; eta, Amara Berrin, Arcco merkataritza gunean eta Madril hiribideko 7. zenbakian.
Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkarteak ikerketa onkologikoko hainbat proiektu laguntzen ditu, larunbatekoaren moduko diru bilketetan jasotzen duten diruarekin. Hain zuzen ere, 2021ean, 340.160 euro bideratu zituen “minbiziaren ikerketan aurrera egiten jarraitzeko, pazientearengan arreta jarriz eta minbiziaren biziraupena handitzen jarraitzeko”. Elkarteak 7.896 bazkide eta 305 boluntario ditu Donostialdean.
Bestelako jarduerak ere egiten dituzte. 2021ean, laguntza psikologikoko 4.776 saio eta arreta sozialeko 2.444 esku hartze egin zituen. Era berean, ortopediako materialaren 257 mailegu egin zituen, eta 36 pertsonek elkarteak eskaintzen duen harrera pisuan hartu zuten ostatu. 60 pertsonek parte hartu zuten tabakoa uzteko taldeetan, eta 148 hartu zuten parte prebentzio jardueretan.

