Amara Berriko lasterketa estimatua bueltan da
Bi urtez ezin izan dute antolatu, baina aurten ez dute hutsik egingo. Ekainaren 11n egingo dute VII. AB Krosa, auzoko euskararen aldeko festa eguna. Amara Berriko Berritsu euskara elkarteak antolatzen du, eta beste behin ere Irutxuloko Hitzak babestuko du.
Ez da lasterketa soil bat. Hau da, ez da egin beharreko ibilbide batera mugatzen. Irteera eta helmuga dituen arren, Amara Berriko AB Krosa zerbait gehiago da. Iñigo Azurmendi eta Jaione Carpintero antolakuntzako kideak dira, eta aitortu dute «garrantzitsua» dela beraientzat lasterketa berriz ere antolatu ahal izatea. «Auzoan errotzen hasia den proba da, eta lehiaz harago, jaiegun izaera duena. Bi urteko etenaldiaren ondoren, jendea gogotsu dagoela nabaritu dugu», dio Azurmendik. «Indarberrituta gaude eta ilusio handiarekin», gaineratu du Carpinterok.
Pandemiaren eraginez, hirian antolatzen ziren lasterketa batzuk bertan behera geratu dira. Zorionez, ez da AB Krosaren kasua. «Zazpigarren aldiz egingo dugu AB krosa, eta pozgarria da berreskuratu ahal izatea. Izan ere, gustuko ditugun beste proba batzuk oraindik ez dira itzuli. Adibidez, Egiako Sudur Krosa. Espero dugu horrelako lasterketa txikiek jarraipena izatea», adierazi du Azurmendik.
Buelta bat edo bi
Ibilbide eta distantzia berberak izango ditu ekainaren 11ko lasterketak. Motza hiru kilometrokoa izango da, eta luzea sei kilometroa. Alegia, motza egiten dutenek ibilbideari buelta bat emango diote, eta luzea egitera ausartzen direnek bi buelta. «Hiru kilometrokoa aproposa da korrika egitera ausartzen ez diren horiek animatzeko», esan du Carpinterok. Bestalde, 2018tik lasterketa Isabel II.a hiribidean hasi eta bukatzen da. «Aurten berritasun gisa har daiteke Isabel II.a hiribide berritua estreinatuko dugula», nabarmendu du Azurmendik.
Izen-ematea zabalik dago oraindik Herrikrosa.eus webgunean. Ibilbide motzerako, 5 euro ordaindu beharko dira, eta, ibilbide luzerako, aldiz, 10 euro. Gizon eta emakumeen partaidetza nahiko orekatua izan ohi da, baina aurten erronka gisa hartu dute are gehiago berdintzea: «Nesken partaidetza handitzea ezinbestekoa iruditzen zaigu, eta momentuz lortzen ari garela esan dezakegu», adierazi du Carpinterok.
Dagoeneko 50 pertsonak baino gehiagok eman dute izena, eta ez da ohikoena, aitortu dutenez. «Uste genuena baino gehiago dira. Azken bi egunetan ematen du izena parte hartzaileen erdiak baino gehiagok. Gainera, Irutxuloko Hitzaren babesarekin 150 kamisetak aterako ditugu, eta ederra litzateke kopuru horretara iristea. Oker ez banago, 135 lasterkari ingurukoa da lortu dugun partaidetza altuena», esan du Azurmendik. Parte hartzaileak ez ezik, boluntarioak ere behar dituztela ohartarazi dute.
Lasterketa 19:00etan hasiko bada ere, arratsaldetik iluntzera bitarteko egitaraua prestatu dute Probestu plazan. Arratsaldean haurrentzako jarduerak egingo dituzte. Proba bukatzean, sari banaketa egingo dute, eta 20:30ean Mikel Karton bakarlariak kontzertu akustikoa emango du.
HITZA SARIA JASOKO DUTE LEHENENGO BI AUZOTARREK
Beste behin ere, Irutxuloko Hitza AB Krosaren babeslea izango da. Lasterketako lehenengo bi auzotarrek HITZA saria jasoko dute. Hau da, urtebeteko Irutxuloko Hitzaren doako harpidetza. Sari honekin kroseko lehen bi auzotarrek, ostiralero astekaria jasoko dute etxean. Horrez gain, HITZAkideen abantailez gozatzeko aukera izango dute: zozketak eta deskontuak, besteak beste.. AB krosaren egunean, ekainaren 11n, Irutxuloko Hitza Amara Berrin izango da. AB krosaren inguruan izango den programazioaren jarraipena egiteaz gain, komunikabideak postu bat izango du Probestu plazan egiten duen lanaren berri emateko eta eskaintza berriak ezagutzera emateko.