Donostia 2022ko Gabonetako Europako Hiriburu izendatu dute ofizialki
(Argazkia: Donostiako Udala) Udaletxeko osoko bilkuren aretoan egindako ekitaldian jaso du Donostiak 2022ko Gabonetako Europako Hiriburu izendapena. Titulua Henning Wegener Alemaniaren Espainiako enbaxadore ohiak eman die Eneko Goia alkateari eta Marisol Garmendia Garapen Ekonomikoko zinegotziari. Donostiak Italiako Genova hiriarekin partekatuko du aipaturiko titulua.
2017an sortutako izendapenak Europako Parlamentuaren babesa du, eta bakea, bizikidetza, integrazioa, harmonia eta halako balioak defendatzen dituzten Gabonetako kanpainak aitortzen ditu. Izan ere, Europako proiektuaren bihotzean eta jatorrian daude balio horiek.
“Donostiak esker onez hartu du izendapena, beste hainbat Europako hiriekin partekatzen dugun maila berean jartzen gaituelako. Opor garai bat baino askoz gehiago dira Gabonak. Milioika pertsonekin partekatzen ditugun balioak ditu, eta jatorri eta toki ezberdinetako pertsonak batzen gaitu. Donostia Gabonetako hiriburu gisa errekonozitu izana, harrotasunez hartzen dugu, eta garaia heltzen denean pozik adieraziko dugu”, adierazi du Goiak.
Garmendiak, berriz, ondorengoa gaineratu du: “Izendapen honek sendotu egiten du Donostia Gabonetako helmuga turistiko gisa, eta indartu egingo du dagoeneko 2 milioi
bisitari lortu dituen programa baten erakargarritasuna”.
