Donostiako Bilgune Feminista: hogei urtez zubi eta aterki
Duela hogei urte, 2002ko apirilaren 20an, Donostian aurkeztu zen Euskal Herriko Bilgune Feminista. Urteurrena ospatzeko, topagune feminista antolatu dute hilaren 11n eta 12an Oñatin, 'Eztandak dardara gaitzala' lelopean. Donostiako Bilgunearekin egoteko aukera izan dugu azken urteotako bilakaera jasotzeko.

Irati Salsamendi (Aiete, 1991) 2009 inguruan hasi zen Donostiako Bilgune Feministan militatzen, batxilergoa bukatutakoan. “Niretzat mundu bat irekitzea izan zen: bai politikoki, baina baita pertsonalki ere. Bilgunetik gustatzen zaidana da proiektu nazional bat izatea; proiektu politiko bat eta aterki bat ematen dizu”.
Leire Murguialday ere (Bilbo, 1995) gaztetan hurbildu zen feminismora, 15-16 urte zituela, eta argi du: “Garai horretan jada Bilgunea zen nire erreferentzia”. “Bartzelonako topaketa batzuetan Bilgunekoen parte hartzea oroitzen dut: beste herrialdeetan esaten zena jasotzen zen, eta bere diskurtso propioa oso koherentea eraikitzen duen: aterki bat zen”.
Murguialdayrentzat, hain zuzen, Bilgunea beti izan da oso garrantzitsua Euskal Herriko mugimendu feministaren barruan: “Idatzia ez dagoen arren, praktikan, funtzio oso konkretu bat betetzen du: zubi lan handia egiten du. Mugimendu feminista barruko korronte eta talde ezberdinen artean, eta baita mugimendu feministaren eta gainontzeko mugimenduen artean ere”.
Garazi Urrosolok (Egia, 1991) ildo beretik gehitu du: “Donostiako Bilgune Feministan pisu handia izan du hiriko mugimendu feministak , baina baita hiriko mugimenduan Bilguneak ere. Sardiñeren kofradian, emakumeen etxean, koordinadora feministan, koordinadora transmarikabolloan… Espazio mordo bat egon dira eta denetan partekatu da ikuspegi bera. Bilguneak zubi lan horren bitartez bere diskurtso propioa garatu du, baina era berean, saretzea eta puntu komunak bilatzea lehenetsi du beti”.
Sardiñerak kofradiaren sorrera jarri dute adibide esanguratsu moduan: “Hiriko mugimendu super indartsu batean, hau da, Donostiako Piratetan, gure aletxoa jartzeko aukera izan zen. Eta militantziarako eta ezagutzarako beste espazioak eskaintzea”.
Atzera begira, aurrera egiteko
Urteurreneko ekitaldien barruan Donostian topaketa bat antolatu zuten Bilguneko kide ohiek. Azken hogei urteotan militatzen aritu diren kideak batu ziren “autoaitortza” ariketa bat eginez. Salsamendik kontatzen duenez, “militantziaren bitartez egunerokoan harreman handia egiten da, eta horietako asko aspaldi elkar ikusi gabe geunden. Hori oso polita izan zen. Elkartze hutsa, oroitzapenen kaxa irekitzea izan zen”. Denon artean denbora lerro bat eraiki zuten: “Konturatu ginen gauza asko egin dituela urteotan Bilguneak, gauza oso politak, baina baita ere konfrontaziozko ekintzak, eta hirian pisua izan dutenak”.
Aldakorra izan da Donostiako Bilgunearen funtzionamendua. Urrosolok kontatu duenez, beraien hasiera oso berezia izan zen: “Bilgunean hasi ginenean aldaketa handia izan zen, kide berri dezente sartu ginen, eta guk hartu genuen zama handiena. Hala ere, beti sentitu izan ditut gertu aurretik egon diren kideak. Prozesuaren zaintza handia egin da”.
Antzekoa sentitzen du Salsamendik ere: “Bilgunea utzi arren, bilguneko parte sentitzen naiz ni. Eta hori asko landu da. Militantzia kapa eta lotura ezberdinak egotea bilatzen da, egitura nazionaletan zein sozialetan”.
Borrokak mugarri
Ezinezkoa da hogei urtetako borroka eta ekintzak zerrendatzea. Bat azpimarratzekotan, abortuaren kontrako borroka aipatu du Salsamendik: “Ospitalean bi gauez kanpatu zen abortuaren kontrako legearen kontra. Ekintza zuzena zegoen, eta aldi berean oso zabala izan zen. Oso indartsua izan zen”.
Mugimendu feminista ez da beti izan egun dena bezain arrakastatsua. Uste dutenez “Boom-a greba feministak izan dira”, baina “sukaldeko lan handi bat” egon da.
Jaiekin lotuta, saretze eta protokolorik ez zegoen, eta Bilguneak ‘Party Manifesto’ izeneko adierazpena kaleratu zuen: “Maketazio horrek orain lotsa ematen duena arren [barrez], oihartzun handia izan zuen: Parte Zaharreko tabernetan jarri zuten, gaztetxeetan…”. Manifestuan, tabernak espazio feminista izan behar zutela aldarrikatzen zen, erasorik gabeko espazioak behar zutela izan, eta dantza libre egiteko deia egiten zen. Egun onartua egon daitekeen arren, garaian kritikak sortu zituen ere, feminista beharrean parekide behar zuela eta gisakoekin.
Auzoz Auzo
Azken urteotan aldaketa handia egon da: “Auzoz auzo, eta ikastetxez ikastetxe, talde feminista mordoa sortu zen denbora oso gutxian”. Txikitik eragitearen filosofiarekin lotzen du Murguialdayk.
Donostian mugimendu feministaren beste mugarri bat izan zen jaietako protokoloak lantzen hasi zirenean izandako “saretze erraldoia”. Auzo bakoitza bere kabuz hasi zen antolatzen eta gutxika denak elkartu ziren. Egian ere gazte talde baten ekimenez abiatu zen, “eta egun 70 bat lagunek” parte hartzen dute.
Danborradan eta kaldereroetan ere lan handia egin da. Salsamendik oroitzen du urketari papera aldarrikatzeko eta danbor nagusiari kritika egiteko ekintza prestatu zutenekoa: “San Sebastian eguneko bandera igoeraren ekitaldian igo behar genuen Konstituzio plazako oholtzara, danbor nagusiarekin batera zuzentzera. Justu urte hartan erabaki zen urketariak ere parte hartuko zuela, eta ez genuen ekintza hori egin beharrik izan, eta eskerrak, bestela, auskalo! [barrez]”.
Izan ere, orain normala dirudiena, noizbait anormala izan zen, eta gaizki ikusia zegoen ziurrenik. “Beste lehentasun” batzuk daudela eta, mugimendu feministaren lana kritikatua izan da sarri. Baina errealitatea da gure bizitzan izugarrizko eragina izan duten aldaketa txiki eta handi askoren atzean egon dela beti mugimendu feminista. Emakumeen gorputzaren erabakia, genero rolak, soldata arrakala, disidentzia sexualak onartu eta ikusaraztea, jai eta tradizioak berritzea… Ez dira ez, gutxi lortutako garaipenak, eta bide horretan doa Bilgunea aurrera, urtez urte.
Ekainaren 11n eta 12an Oñatira
Oñatiko topagune feministara animatzeko deia egiten bukatu dute elkarrizketa. Eztabaida eta tailer ugaritan parte hartzeko aukera egongo da, baina “autoaitortza ariketaz gain, plazeretik egingo den topaketa bat izango da”, kontzertu eta ikuskizunekin. Sarrerak Pandora tabernan eta Internet bidez eskuratu daitezke. Eta ziurtatu dutenez, inor ez da joateaz damutuko.