"Hamar urtean zortzi liga irabaztea zaila da"
Emakumezkoen Ohorezko Mailako liga zortzigarren aldiz irabazi du Bera Bera eskubaloi taldeak; hirugarrena jarraian. Maiatzaren 8an Xixon mendean hartuta ziurtatu zuten titulua, eta maiatzaren 20an ospatu zuten zaleen aurrean, Gasca kiroldegian. Lorturikoa garrantzitsua dela dio Alba Menendez jokalari zarauztarrak, eta dagoeneko datorren denboraldiari begira jarri direla aitortu du.
Etxetik kanpo irabazi zenuten liga matematikoki, jokatzeko hiru jardunaldi falta zirenean. Nolakoa izan zen Xixonen bizitakoa?
Pixka bat arraroa, egia esan. Xixonen kontrako partida igande batean izan zen, etxetik kanpo. Zale gutxi batzuk etorri ziren gu ikustera, eta pistan beraiekin ospatu ahal izan genuen. Autobusean ere ospatu genuen, baina Donostiara itzultzean ez genuen ospakizun berezirik egin. Erdizka geratu ginen.
Bi aste beranduago, Gasca kiroldegian eskaini zenieten titulua jarraitzaileei.
Bai, eta behar bezala ospatu ahal izan genuen beraiekin. Morvedreri irabazi genion egun hartan. Bi urte eta gero, zaleekin ospatzea berezia izan zen guretzako. Behar bezala ospatzeko, datorren denboraldirako helburu berbera jarri beharko dugu eta liga irabaztekotan izan dadila gure jarraitzaileen aurrean.
Esan bezala, zortzigarren liga da irabazi duzuena. Bera Beraren lorpenen zerrendara gehitu duzue. Jokalari gisa uste duzu titulu honi nahikoa balio eman zaiola?
Hamar urtean zortzi liga irabaztea zaila da. Beraz, balio handiagoa dute zortzi liga hauek. Guk behintzat merezi duten balio hori ematen diegu. Pixkanaka hedabideetan eta gure inguruan Bera Bera presenteago dago. Gero eta jende gehiagok babesten gaitu eta txalotzen ditu titulu hauek.
Denboraldiko arantza etxean galdutako kopa da. Edo irabazi ez zena. Ordutik denbora pasa da, eta hotzean zer nolako garrantzia du kopa horrek?
Denboraldi osoa aintzat hartzen badugu, oso ona izan da. Ligako txapeldunak gara, berriz ere. Europako txapelketan Parisen irabazitako kanporaketa meritu handikoa izan zen, eta Errumanian ere ondo ibili ginen. Egia da, koparen zauria hor dagoela. Etxean zen, hiru urte kopa irabazi gabe generamatzan eta gogo ikaragarria genuen. Zauria oraindik hor dago. Baina kirola horrelakoa da, eta helburu guztiak ez dira beti lortzen.
Bera Bera kluba hasi da datorren denboraldiko taldea osatzen. Batzuk badoaz, eta beste batzuk badatoz. Zuk jarraituko duzu?
Bai, printzipioz, urtebete bat gehiago egongo naiz. Oker ez banago Bera Beran nire hamalaugarren urtea egingo dut.
Erronkei dagokienez, ligako eta kopako helburuez gain, Europan beste urrats bat aurrera egin nahi duzue?
Helburuak urtero berdinak dira. Liga lehiatu eta irabazi nahi dugu, baita kopa ere. Superkopa irabaztea ere gure xedeen artean dago. Europan, berriz, gure tokitxoa gero eta handiagoa izatea nahi dugu. Helburu gisa, EHF kopako taldeen fasera iritsi nahi genuke. Ordea, bidea ez da batere erraza izango. Aurten ez dugu hori lortu, baina datorren urtean helburuetako bat izango da.
Eta Bera Berak zer behar du Europan beste pauso bat emateko?
Ez dakit zeintzuk diren gakoak. Argi ikusten dudana da Bera Berak talde gisa esperientzia gero eta gehiago duela, eta horrek laguntzen duela. Europan guk baino aurrekontu hobea duten taldeak daude, baina erakutsi dugu dugunarekin gai garela maila ona emateko. Azken batean, guk erabat argi daukagu Bera Berak EHF kopan bere tokia duela.
Talde sendo batek lagundu dezake alde horretatik?
Kirol zuzendaritzari dagokio talde sendo bat egitea, eta seguru nago lanean buru-belarri dabiltzala.