San Rokeko eskailera mekanikoak ordutegi mugatua izango du, konponketek iraun bitartean
San Rokeko eskailera mekanikoa. (Argazkia: Donostiako Udala) Gaurtik aurrera, San Rokeko eskailera mekanikoak ordutegia mugatuko du, makinen kate batek eragiten duen zarata arintzeko lanak direla eta.
Miguel Angel Diez Hiri Mantentze Saileko zinegotziak adierazi duenez, “hurbilen dauden bizilagunen eskaerei erantzunez, eta matxura konpondu arte, eskaileraren funtzionamendu-ordutegia 08:00etatik 21:00etara mugatzea erabaki dugu. Gainerako elementuek, hau da, arrapala mekanikoek, ohiko ordutegia mantenduko dute 07:00etatik 23:00etara. Nolanahi ere, eragozpenek bere horretan jarraitzen badute, eta bizilagunek hala eskatzen badute, eskaileren funtzionamendua eten egingo dugu egoera konpondu arte”.
Dirudienez, paleta-katea hautsita dago, eta hori ordezkatu behar dute. Mantentze-lanez arduratzen den enpresaren arabera, 8-10 aste beharko dira kate berria hornitzeko eta muntatzeko. Eskailera zerbitzurik gabe ez uzteko, “poliki” funtzionatzen jarraitzen du, baina zarata “saihestezina” da hala ere. Hori dela eta, ordutegia murriztea erabaki da.

