Aita Donostia aste musikalak 'zilarrezko ezteiak' ospatuko ditu aurten, lau kontzerturekin
Ostiral honetan hasiko da Aita Donostia aste musikala, eta aurten bere 25. urteurrena ospatuko da. Kontzertuak ostiralean, larunbatean, igandean eta ekainaren 17an, datorren ostiralean, egingo dira Kaputxinoen Elizan, eta sarrera doakoa izango da guztietan.
Gaur aurkeztu dute programa, eta bertan izan dira Jon Insausti kultura zinegotzia, Isabel San Vicente Gaztediko lehendakaria, Javier Alberdi Aita Donostia musika asteko zuzendaria, Philippe Mendes Choeur Ascèse abesbatzako zuzendaria, Igor Ijurra Iruñeko Orfeoiko zuzendaria, eta Jon Saenz San Juan Bautista abesbatzako kidea.
Aurtengo Aita Donostia aste musikaleko egitaraua Choeur Ascèse abesbatzarekin (Frantzia) hasiko da ostiralean, 20:00etan. Kontzertuak bi zati izango ditu; hasieran, Claude Debussy-ren (1898-1908) Trois Chansons de Charles d’Orléans abesti sorta eta Francis Poulenc-en (1899-1963) Huit Chansons Françaises interpretatuko dituzte. Bigarren zatian, besteak beste, Xabier Sarasola, Eva Ugalde eta Aita Donostia konpositore euskaldunen piezak interpretatuko dituzte.
Larunbatean, ekainaren 11n, 20:30ean, Iruñeko Orfeoiak Aita Donostiaren Misa pro defunctis eta Lorenzo Ondarraren hainbat abesti eskainiko ditu. Horrez gain, Xabier Sarasola, Josu Elberdin, Felipe Gorriti, Anton Bruckner eta Johannes Brahms konpositoreen obrak ere abestuko dituzte.
Igandean, Leioako San Juan Bautista abesbatzaren txanda izango da, 20:30ean. Bent Ollén-en Trilo edo Josef Gabriel Reheinberger-en Cantus Missae interpretatuko dituzte, besteak beste. Horrez gain, Jon Saenzek, abesbatzako kideak, konposatutako The lamentations of Jeremiah obra aurkeztuko dute Donostian.
Amaitzeko, ekainaren 17an, 20:00etan, Aita Donostia abesbatza, Kantaka abesbatza, Julian Barrenetxea abesbatza eta Urmaiz abesbatza elkarrekin arituko dira Karl Jenkinsen The Armed Man (Bakearen aldeko meza) interpretatzen. “Obra hau Karl Jenkinsek konposatu zuen, Balkanetako gerraren ondoren. Urtebete daramagu Aita Donostia aste musikalean hori interpretatzea pentsatzen, baina, tartean, Ukrainako gerra hasi zen eta obra honen bidez gure ondoan gerra bat gertatzen ari dela gogoraraziko dugu”, azaldu du Alberdik.