Amarako margolariak oroitzen ari da Donosti Berri elkartea

Amarako Donosti Berri elkarteak bere mendeurrena ospatzen jarraitzen du, eta, oraingoan, pintura izaten ari dira hizpide. Hain zuzen ere, Amarako margolariak zikloa antolatu dute, eta haurrentzako pintura ikastaroa egin zuten larunbat arratsaldean, Easo plazan. Auzoko haur ugari plazako kioskoan bildu ziren, eta euren sormena aske utzi zuten, artelan txikiak sortzeko.
Gaur, hilaren 6an, itxiko dute zikloa, Koldo Mitxelena Kulturunean egingo duten hitzaldi batekin. Amaran jaiotako edo, jaio ez, baina auzoan errotuta zenbait margolari ezaguni buruz hitz egingo dute Juan Antonio Garcia Marcos eta Iñaki Egaña donostiarrek. Garcia Marcos arte kritikaria eta idazlea da, eta Egaña historialaria. Jose Antonio Sistiaga, Rafael Ruiz Balerdi, Jesus Martinez Utrilla, Bonifacio Alonso eta Jesus Murua margolariak izango dituzte hizpide. Hitzaldia 19:00etan izango da, doan eta gaztelaniaz.
Donosti Berri elkarteak maiatzaren 1ean bete zituen 100 urte, eta, urte hasieratik, mendeurrena ospatzeko jarduerak egiten ari dira. Maiatzaren Leheneko asteburuan egin zuten mendeurren festa handia, askotariko jarduerekin eta jai giroan. Bestalde, pala txapelketa mistoa egin zuten maiatzaren erdialdean, eta Donostiako Bertsolari Eguna berreskuratu zuten duela bi aste. Amaran garrantzia handia izan du eta oraindik ere badu Donosti Berri elkarteak, eta, horregatik, hedabide honek luze eta zabal errepasatu zuen elkartearen historia, erreportaje batean.