Belartza Goikoa eremuko harri betelan ilegala erretiratzeko 1,2 milioi euroko kontratua zehaztu du udalak
Donostiako Udalak bihar onartuko du, azkenean, Belartza Goikoa eremua lehengoratzeko proiektua. Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziak iazko azaroan adierazi zuen udala 1,3 milioi euroko kontratu bat prestatzen ari zela isurketa ilegala erretiratzeko lanak adjudikatzeko. Ordutik hilabete asko pasa dira. Orain, 1,2 milioi euroko lizitazio prezioa ezarri diote obrari.
Hiru urte pasa dira EAEko Auzitegi Nagusiak Belartza Goikoa eremuan egindako isurketa ilegala zela ebatzi zuenetik. Haritzalde Naturzaleen Elkarteak jarritako helegiteari erantzunez plazaratu zuen sententzia 2019ko ekainean. Valeriano Urrutikoetxea enpresa arduraduna eta Donostiako Udala zigortu zituen. Bata isurketa egiteagatik, eta bestea isurketa hori egiteko baimena emateagatik.
Enpresak uko egin zion harriak erretiratzeko aginduari, eta, ondorioz, udalak modu subsidiarioan hartu zuen ardura. Hain zuzen ere, iazko apirilean abiatu zuen udalak harri isurketa ilegala erretiratzeko prozesua.