Parte Zaharreko eragile guztiak biltzera deitu ditu gazte asanbladak, egoerari "irtenbide bat emateko"
Azken egunotan Alde Zaharreko Gazte Asanbladaren eta Mugimendu Sozialistako kideen artean sortutako liskarren harira, asanbladak agerraldia egin du, auzoko bizilagun ugariz babestuta. Nabarmendu dute "errespetuan oinarritutako espazio seguruen, pluralen eta parte hartzaileen alde" egiten egiten jarraituko dutela.
Joan den asteko asteartetik hona, liskar handiak izan dira Alde Zaharreko Gazte Asanbladako (AZGA) eta Mugimendu Sozialistako (MS) kideen artean, eta tentsioa areagotzen joan da Donostiako Parte Zaharrean. Horregatik, AZGA-k agerraldia egin du astelehen arratsaldean Trinitate plazan, “gertakarien berri emateko eta egoera jasangaitz honi aterabide erreal bat emateko”. Kontseilu Sozialistak ere agerraldia egin du, eta negoziatzeko prest dagoela esan du, baldin eta euren arabera ezker abertzaleak ezarritako “betoak” kentzen badizkiete.
Agerraldian egin duten irakurketan, “egoera guztiz kontrolez kanpo” dagoela aitortu du AZGA-k, eta, horregatik, “bere garaian sortu zen auzoko eragileen mahaian biltzera deitzea erabaki dugu, ildo sozialista barne, arazo larri honi irtenbide bat emateko asmoz”. Gazte asanbladako zein asanbladatik kanpoko 200dik gora auzokide bildu dira agerraldian, Auzoan lasai eta bakean bizi nahi dugu. Auzodefentsa lelopean.
Kijera gaztetxetik Ikatz kalera
Liskarrak asteartean hasi ziren, auzoko MS-ko kide batzuk Kijera gaztetxe ohian zegoen materiala hartzera joan ziren egunean; izan ere, AZGA-ren arabera, MS-koek eurena ez zen materiala “lapurtu” zuten. Horren harira, Donostiako Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) ostegunean adierazi zuen material horrek hiru urte zeramatzala erabili gabe –gaztetxea desalojatu zutenetik, alegia–, eta orain arte “beste eragile batzuei” ez zaiela materiala hartzeko oztoporik jarri. Material horren harira, liskar handiak izan ziren bi aldeetako gazteen artean, eta gazte asanbladak agerraldian nabarmendu duenez, “ukaezina da jarrera desegokiak izan zirela hainbat kideren partetik”.
Ordea, larunbatean liskarrak izan ziren berriz ere Parte Zaharrean, AZGA-ko eta MS-ko kideen artean; zehazki, bi borroka izan ziren. 20:30ak aldera izan zen lehena, eta gauerdian bigarrena. Tartean, beste herri batzuetatik etorritako MS-ko hainbat kide izan ziren. Gazte asanbladak salatu du “eraso hauek aurrez antolatuak” izan zirela, “ildo sozialistako 40 bat militante kalearen bi muturretatik” sartu zirelako. GKS-k, igandean plazaratutako komunikatuan, ukatu egin zuen “lintxamendu bat” egon izana, euren arabera, “borrokaldi tipiko bat” izan baitzen.
Ondoren, AZGA-ko kide batek –GKS-ren arabera, Jarki erakundeko militantea– MS-ko kide bat bere etxeko atarian jipoitu zuen. AZGA-k nabarmendu du ez duela “horrelako erasorik inoiz babestuko”, eta, horregatik, kide hori gazte asanbladatik “kanporatua” izan dela eta “bere gain hartu duela erantzukizun osoa”. Ildo horretatik, “ildo sozialistak ere auzotarren aurka erasoak burutu dituzten pertsonekiko jarrera bat hartu beharko lukeela” deritzo AZGA-k.
“Ez da beto politikorik ezarri”
MS-k lehenengo unetik salatu du ezker abertzaleak eta Jarkik beto politikoa ezarri diola AZGA-n. Ordea, hori “gezurra” dela salatu du AZGA-k, baita ezker abertzalean eta Jarkin “egituratuta ez dauden” AZGA-ko militanteak “gutxiesten” dituela deitoratu ere. “AZGA-k ez du inolako harreman organiko/estrategikorik ez ezker abertzalearekin, ez Jarkirekin, ez beste inolako eragileekin”, gehitu dute. Era berean, nabarmendu dute AZGA-k ez duela “beto politikorik ezarri”: “Ildo sozialistak asanbladarekiko burutu zuen erasoaren ondorio izan da kanporaketa”.
Horrela, aipatu mahaian biltzera deitzeaz gain, “auzo hobe baten alde borrokatzeko” asmoa berretsi dute: “Errespetuan oinarritutako espazio seguruen, pluralen eta parte hartzaileen alde egiten jarraituko dugu, beti ere, auzoaren eta auzotarron mesedetan”.
Kontseilu Sozialistak ere agerraldia egin du
Aurretik deialdi publikorik egin gabe, Donostiako Kontseilu Sozialistak ere agerraldia egin du Miramongo Anfiteatroan, eta sare sozialetan argitaratu du irakurketa. Ezker abertzaleko EH Bildu eta Sortu alderdi politikoak jo dituzte egungo egoeraren erruduntzat, euren arabera, MS sortu zenetik, bi alderdi horien jarrera “bere existentzia ukatu eta suntsitzen saiatzekoa” izan delako. Larunbat gaueko liskarren inguruan, esan dute euren militanteen “lintxamendu bat ekidin” zutela. Era berean, ezker abertzalea “mugimendu sozialistaren aurkako toxikazio kanpaina” egiten ari dela salatu dute.
Oharrean diotenez, “ezker abertzalearekin negoziatzeko prest” daude, “marra politiko” batzuk errespetatuz gero. “Militanteen segurtasuna, espazio publikoa erabiltzeko eskubidea eta finantzatzeko eskubidea” dira “marra politiko” horiek, Kontseilu Sozialistaren oharraren arabera. “Gure antolakunde eta militanteen aurkako erasoek jarraitzen badute, komunismoaren aurkako kanpaina zikinak jarraitzen badu, EH Bildu eta Sortu alderdiak udan sortu daitekeen agertokiaren erantzule egiten ditugu”, gaineratu du Kontseilu Sozialistak.