Real Sociedad Fundazioaren eguna igandean egingo dute, Zubietan
Pandemia dela eta bi urtez ospatu ezinik egon ondoren, igandean egingo da Real Sociedad Fundazioaren eguna, Zubietan. Hiru oinarri nagusi izango ditu festak: kirola, dibertsioa eta solidaritatea.
10:00etatik aurrera, jarraitzaileek jarduera ugariz gozatzeko aukera izango dute. “Futbola oso presente egongo da egun osoan zehar. Aurreko urteetan bezala, futbol eskolen arteko partidak jokatuko dira. Guztira, 60 eskolatako 110 taldek eta 1.400 haur inguruk hartuko dute parte. Haur mailako nesken hainbat partida ere jokatuko dira, baita Genuine Ligako gure taldearen partida bat ere, Alavesen aurka”, azaldu du klubak.
Zubietako instalazioak hainbat gunetan banatuko dira. Partidez gain, puzgarriak, tailerrak, jolasak eta ohe elastikoak ere egongo dira jolastu ahal izateko. Aurreko edizioetan bezala, eta Kirol Egokituaren Federazioarekin duten akordioaren ondorioz, kirol egokituko zonaldea jarriko dute. Horrez gain, atletismoa, hockeya edo txirrindularitza bezalako kirol jarduerak ere izango dira.
Hainbat ikuskizunetarako lekua ere izango da: Txirri Mirri eta Txiribiton, Martxel magoa eta Goazenen emanaldi nagusia. Realaren autobusa ere bisitatu ahal izango da.
Chernobil elkartearentzako laguntza
Aurreko urteetan bezala, Real Sociedad Fundazioak egun hau elkarte solidario bati eskaini nahi dio. Aurten, Txernobilgo (Ukraina) zentral nuklearraren inguruan bizi diren haurrak udan bertatik atera eta osasuna berreskuratzeko 1996tik lanean ari den Txernobil elkarteari bideratuko zaio laguntza.