Talentu Gaztearen II. Azoka egingo da ekainaren 22an, enpresek gazte donostiarrak ezagutu eta kontratatzeko
Ekainaren 22an, asteazkenez, Donostiako 40 enpresek garapen profesionalerako 160 aukeratik gorako poltsa bat aurkeztuko dute Anoetan. Enpresa bakoitzak toki pribatu bat izango du estadioaren ekialdeko harmailan, izangaiei elkarrizketak egin ahal izateko. Talentuaren Azoka estadioan egin ahal izango da, Realari lankidetzari esker.
“Azoka hauek eginda, gure helburua da gure hiriko gazteak tokiko enpresek eskaintzen dituzten lan aukera kualifikatuekin lotzea, eta iazko azokak izan zuen arrakasta ikusita, lan aukera berri gehiago eskainiko ditugu”, adierazi du Sustapen Ekonomikorako eta Enplegurako zinegotzi Marisol Garmendiak, Donostiako udaletxean azoka aurkeztu denean.
Azokara joan nahi duten gazteek izena eman dezakete Donostia Sustapenaren webgunean dagoeneko aktibo dagoen online plataforman. Horrez gain, aukera izango dute azokan parte hartuko duten eta lan egiteko interesa duten enpresekin elkarrizketak hitzartzeko. Plataforma honetan, enpresa parte hartzaileek behar den informazioa jarriko dute: nor diren, zertan aritzen diren eta zer profil bilatzen dituzten. Era berean, lan aukera bakoitzaren baldintzak adieraziko dituzte, interesdunek hautatutako enpresarekin elkarrizketa eskatu ahal izateko.
Talentu Gaztearen II. Azoka honetan, beraien sektorean eredu diren Donostiako enpresek parte hartuko dute. %50etik gora Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien sektoreari lotutako enpresak dira.
Enpleguaren eta, bereziki, gazteen enpleguaren aldeko apustua egiten dugu, haiek baitira Donostiaren oraina, eta batez ere, etorkizuna”, adierazi du Marisol Garmendiak, “horregatik ezinbestekoa da horrelako topaketak eragitea, Donostian bizitzeko eta lan egiteko proiektu bat garatu ahal izateko. Gure hiriko talentua bertan gelditzea nahi dugu eta, horretarako, baititu hazten jarraitzeko”.