Eneko Goiak ez du zehaztu Belartzako isurketa ilegala noiz erretiratuko duten
EH Bilduk eta Elkarrekin Donostiak udal gobernuak Belartzako aferan izandako jokabidea kritikatu dute.
Donostiako Udalak Belartza Goikoa eremua lehengoratzeko proiektua onartu du gaur, hedabide honek aurreratu moduan. Dena dela, Eneko Goiak ez du zehaztu leku horretako harri betelan ilegala erretiratzeko lanak noiz hasiko dituzten. Izan ere, lehiaketa publiko baten bidez adjudikatu behar dituzte lanak.
Hiru urte pasa dira EAEko Auzitegi Nagusiak Belartzan 2016an egindako isurketa ilegala zela ebatzi zuenetik. Haritzalde Naturzaleen Elkarteak jarri zuen helegitea, eta auzitegiak arrazoia eman zion 2019ko ekainean. Gainera, Valeriano Urrutikoetxea harri betelan ilegalaren enpresa arduraduna eta udala zigortu zituen. Bata isurketa egiteagatik, eta bestea isurketa hori egiteko baimena emateagatik.
Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziak iazko azaroan adierazi zuen udala 1,3 milioi euroko kontratu bat prestatzen ari zela isurketa ilegala erretiratzeko lanak adjudikatzeko. Ordutik hilabete asko pasa dira. Orain, 1.275.269 euroko lizitazio prezioa ezarri diote obrari.
Udal taldeen kritikak
EH Bilduk eta Elkarrekin Donostiak udal gobernuak Belartzako aferan izandako jokabidea kritikatu dute. “Ia hiru urtez atzeratu dute sententziaren exekuzioa, eta oraindik ez dute baieztatu noiz kenduko dituzten harriak. Gustu txarreko txantxa dirudi, baina ez da horrela”, adierazi du Elkarrekin Donostiako zinegotzi Haizea Garaik.
Horrekin batera, “erantzukizun falta horren onuradun bakarra” araudia “nabarmen” urratu duen jabetza dela gaineratu du: “Geure buruari galdetzen diogu zer asmo duen udal gobernuak jabeari plan partzial batekin jarraitzea erraztuz, tokian bertan egin dutenaren ondoren”. Elkarrekin Donostiak jakinarazi duenez, proiektuak ez du zehazten materiala zabortegira bidaliko den edo baimendutako betelanen batean erabiliko den. “Hondakinen kudeatzailea ere ez da zehazten”.
Udal gobernua epaia betetzeko agindua atzeratzen ari dela esan du Ricardo Burutaran EH Bilduko zinegotziak: “Aipaturiko lurrak kentzen hasiko direla iragarri arren, oraingoz proiektua baino ez da onartu. Proiektu hori 2021eko ekainaren 9an aurkeztu zuen Endara Ingenieros Asociados SL enpresak, eta urte bereko ekainaren 24an onartu zuen Hirigintza Sailak. Ia urtebete geroago, legez kanpoko hondakindegi hori kentzeko lehiaketa arautuko duten baldintza teknikoen eta administratiboen baldintza agiriak onartzea eskatzen duen proiektua da onartu dutena”.