Kalean lo egingo dute harrera duina aldarrikatzeko
Euskal Herrian bizi diren edo aldi baterako bertan dauden migratzaileen eskubideak berma daitezela exijituko dute bihar zazpi udalerritan, besteak beste, Donostian.
Urtarriletik martxora hainbat lagunek harrera duina aldarrikatu zuten ostegunero, kalean lo eginez. (Argazkia: Herritarron Harrera Sarea) Asteazkenetik ostegunerako gauean kalean lo egiteko deia egin dute hainbat kolektibok. Hego Euskal Herriko zazpi udalerritako eragileek egin dute bat deialdiarekin oraingoz, eta atzerritarrei buruzko legedia gogor salatu dute, uste baitute arrazakeria instituzionalaren adierazpen gorena dela: «Milaka pertsonari beren bizi proiektuak garatzea galarazten diete, eta irregulartasunera kondenatzen dituzte». Kalean bizi direnek etxebizitzarik ez dutenez, erroldatzeko zailtasunak dituztela salatu dute, eta poliziaren jazarpena jasaten dutela: “Identifikazio arrazistak egiten zaizkie behin eta berriz, eta hain agerikoak ez diren beste leku batzuetara joateko jazartzen dituzte”.
Donostian ere egingo dute egitasmoa. Hiritarron Harrera Sarea, Kaleko afari solidarioak eta Gipuzkoako Sos Arrazakeria dira Donostiako deialdiaren antolatzaileak. Harrera duina, eskubideak eta guztiontzako etxebizitza eskubidea eskatuko dute asteazkenean, 21:00etan, Bulebarrean hasiko den ekitaldian.
Lotarako orduaren aurretik, Bulebarrean txalapartariak eta bertsolariak izango dira, eta ondoren, Gipuzkoa plazara joango dira lo egitera, Gipuzkoako Aldundiaren aurrera, urtarriletik martxora egin zituzten protesta ekitaldietan bezala.


