Ondarretako aldagelak oraindik ez dituzte ireki
Ondarretako hondartza.Joseba Parron San Sebastian Hondartza sasoia hasi bada ere, zerbitzu guztiak ez daude erabilgarri. Hobekuntza eta garbiketa arrazoiengatik, Kontxako eta Ondarretako aldagelak aurreikusitakoa baino beranduago irekiko zirela iragarri zuen Donostiako Udalak. Kontxakoak pasa den astean ireki zituzten, hainbat egunetako atzerapenarekin. Ondarretakoak, berriz, atzo zabaldu behar zituzten, baina erabiltzaileek itxita topatu zituzten. Udalak adierazi du osteguna baino lehen ez dituztela irekiko, aldageletan egindako lanak bukatzea falta delako.
Kontxako eta Ondarretako aldageletan eraginkortasun energetikoa bermatzeko egokitzapen lanak egin dituzte, instalazioak berritzearekin batera. Udalak dio azpikontrataturiko enpresak ez duela obra behar bezala bukatu, eta udal langileak arduratuko dira lan horietaz.

