Kontxako barandaren azken-aurreko zatia udazkenean aldatuko dute
Kontxako baranda berritzeko lanak. (Argazkia: Beñat Parra) Kontxa pasealekuko kostaldeko horma konpontzeko eta handiagotzeko proiektuaren beste kontratu bat onartu du udalak. Oraingoan, Eguzki klubaren eta Bainu Errege Etxearen arteko Kontxako baranda zatia aldatuko dute. Moyua enpresari adjudikatu dizkiote lanak 757.957 euroren truke, eta bost hilabeteko exekuzio epearekin.
Eneko Goia alkateak adierazi du lan horiek uda ostean egingo dituztela, oinezkoak eta hondartzaren erabiltzaileak ez oztopatzeko. Horrela, udazkenean berrituko dute barandaren azken-aurreko zatia. Aldiz, azkena datorren urtean aldatuko dute; Bainu Errege Etxearen eta Antiguako tunelaren arteko 150 metro inguruko zatia.

