Pirinioetako Bidea mobilizazioaren gako nagusiak aurkeztu ditu Gure Eskuk
Gure Esku erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamikak uztailaren 2ko Pirinioetako Bidea egitasmoaren gako nagusiak aurkeztu ditu. Josu Etxaburu eta Amalur Alvarez Gure Eskuren bozeramaileek eman dituzte xehetasunak gaur goizean Donostian egindako prentsa agerraldian.
“Uztailaren 2an, katalan eta euskal herritarrok 300 gailurretik gora argiztatuko ditugu Pirinio osoan zehar. Farol bereziak eta linternak baliatuz, argi lerro bat osatuko dugu Higer lurmuturretik Creusera, Atlantikotik Mediterraneora. Euskal Herria eta Katalunia batuz, gure herrien autodeterminazio eskubidea aldarrikatuko dugu. Mobilizazio ikusgarria izango da, esperientzia ahaztezina, gure oroimenean luze iraungo duen mugarria”, nabarmendu dute.
Horrekin batera, galdera bat luzatu dute: “Non egon nahi dugun Europan hurrengo autodeterminazio erreferenduma(k) egiten direnean: beste mosaiko bat egingo dugu, ‘turista subiranista’ izango gara euren egun handietan, ala guk ere hautetsontziak jarriko ditugu?”.
300 gailur inguru
Uztailaren 2an 300 gailur inguru argiztatuko dira Pirinio osoan zehar, Jaizkibeletik Benasqueraino. Horietatik, Euskal Herrikoak 120 gailur izango dira. “Gure etorkizuna erabakitzeko prozesu bat lantzeko, adosteko eta sustatzeko beharra aldarrikatzen dugu. Uztailaren 2an, euskal herritarrok 120 gailur argiztatuko ditugu, baina argi esan behar dugu gure gailurra ez dagoela Pirinioetan, gure gailur edo helburua ‘zortzimilako’ bat da: herri gogoa berpiztu nahi dugu, burujabetzarako prozesu bat abiatzeko”, esan dute bozeramaileek.
Gailur berde guztiak Euskal Herrian daude, eta jende gehienarentzat irisgarriak dira. “Gure Esku-ren webgunean, herri bakoitzak gailur ‘berde’ bat(zuk) izango d(it)u izendatuta, honenbestez, parte-hartzaileak nongoa den adierazten duenean, gailur bat(zuk) proposatuko zai(zki)o, herrikideekin batera joan dadin. Gailur ‘gorri’ gehienak Erdialdeko Pirinioetan daude, eta mendizale trebatuentzat bakarrik dira egokiak”, azaldu dute. Horregatik, izen emate mugatua izango dute, kasu honetan, webgunean gailurren zerrenda begiratu, gailurra aukeratu eta posta elektronikora idatzi beharko dute: pirinioetakobidea@gureeskudago.eus.
Bestalde, mendian gora ibiltzeko asmoa ez duten herritar guztiei Jaizkibelera joateko eskatu diete. Igo eta jaisteko autobusak egongo dira, eta Guadalupe inguruan musika eta giro ederra egongo da arratsaldetik aurrera: “lagunartean zein familian joateko plan bikaina izango da”.
Izena ematean, oro har, 10 euro ordaindu beharko dira: 5 euro asegurua ordaintzeko eta beste 5 euro antolakuntza gastuei aurre egiteko. Federatuta dauden parte hartzaileek dagoeneko badute asegurua, eta beraz, antolakuntzara bideratuko diren 5 euroak baino ez dituzte ordaindu beharko. 21 urtetik beherakoek, berriz, aseguruaren gastua soilik ordaindu beharko dute, baldin eta ez badaude federatuta, kasu horietan, doan eman ahalko dute izena.