San Agustin eguneko festa Artikutzara itzuliko da abuztuan
Pandemiak eragindako bi urteko etenaldiaren ostean, San Agustin eguneko jaia Artikutzara itzuliko da aurten, abuztuaren 28an. Urtero, Artikutzako patroiaren egunean, finkako ateak ireki ohi dituzte, eta aurretik baimena eskatu gabe sartu daitekeen urteko egun bakarra izaten da. Era berean, azoka, dantzaldia, herri kirolen ikuskizuna eta bestelako hainbat jarduera egin ohi dituzte, Artikutzako herrian bertan, Donostiatik zein Artikutzaren inguruko herrietatik –Goizuetatik (Nafarroa), Oiartzundik, Errenteriatik, eta abar– joan ohi den jendearen gozamenerako.
2020an eta 2021ean ezin izan dute halakorik egin, baina, aurten, Donostiako Udalak jardueraz beteriko egitaraua osatzeko asmoa dauka, “pilota eta herri kirolak ardatz hartuta”. Horrez gain, edariak, janaria eta produktu artisauak saltzeko postuak jarriko dituzte, eta, hain zuzen ere, postu horiek jartzeko baimena eskatzeko epea ireki dute dagoeneko. Hilaren 30era arte egongo da zabalik baimenak eskatzeko epea, eta udalarekin harremanetan jarrita egin daiteke eskaera, udalaren webgunearen bidez.