Subizi gaueko entseguak egiten hasi dira Egian
Ekainaren 23an, San Joan egunaren bezperan, Subizi gaua egingo dute Egian. Aste honetan hasi dira dantzariak entseguak egiten, eta dagoeneko 80 pertsona inguruk eman dute izena. Hala ere, datorren astera arte, horretarako epea zabalik dagoela jakinarazi dute antolatzaileek. Baldintza gisa, bi edo hiru entsegutara joateko konpromisoa hartzeko eskatu dute.
Xabi Solanoren Erre zenituzten sorginak abestiaren koreografia egingo dute, eta nahi izanez gero, Alpargata pieza ere dantzatuko dute. Hurrengo entseguak Ametzagaña kaleko Aitor ikastolan izango dira; ekainaren 13an 18:00etan eta 15ean 19:00etan. Dantzarien entsegu orokorra, berriz, hilaren 22an egingo dute 19:00etan, Plaza Haundin.
Abeslarientzako bi entsegu egingo dituzte Aitzarten, hilaren 13an 19:00etan eta 20an 19:00etan. Adarra jo eta irrintzietarako tartea ere izango da, baina ez dute entsegurik beharko.
Ekitaldi nagusian, 14 urtetik gorako gizonek eta emakumeek hartuko dute parte. Haurrek, aldiz, auzoko eskola eta ikastolan ospatuko dute San Joan bezpera. Jarraian ikus ditzakezue gaurko entseguan hartutako hainbat irudi.
2018ko Subizi gaueko bideoa ere hemen ikus dezakezue: