Udaleko Mugikortasun langileek ohartarazi dute turisten etorrerak zirkulazio arazoak sor ditzakeela hirian
Udaleko Mugikortasun langileen protesta, udaletxeko prentsa aretoan. (Argazkia: Naiz) Donostiako Udaleko Mugikortasun langileek agerraldia egin dute udaletxeko prentsa aretoan, lan baldintza duinak eta Pilar Arana Mugikortasun zinegotziaren dimisioa eskatzeko. Horrekin batera, ohartarazi dute udan zirkulazio arazoak sor daitezkeela hirian “turista oldearen etorrerarekin”.
Gaur egun, Mugikortasuneko 77 langile daude, eta denbora daramate aldarrikatzen kide gehiago behar dituztela beraien lana behar bezala egiteko. Zehazki, 18 langile gehiago behar dituztela diote. Hain zuzen ere, eskaera hori hainbatetan luzatu diote Aranari, baina ez dute erantzunik jaso beraien partetik. “Lehen proposamena duela bi urte baino gehiago egin genuen, baina pandemiak bertan behera utzi zuen langile kopurua handitzeko aukera. 2021eko maiatzean berriz ere aurkeztu genuen, eta irailean erantzun bat emateko konpromisoa hartu zuten, baina erantzun hori ez zen sekula iritsi”, adierazi dute.
Ordutik, hainbat mobilizazio egin dituzte udaletxe aurrean eta barruan. Azken osoko bilkuretan izan dira protesta egiten, eta udal taldeei euren eskaerak helarazten. Greba egun bat ere egin zuten. “Denbora honetan Mugikortasun Saileko zuzendaritzarekin, Giza Baliabideen zuzendaritzarekin, Mugikortasun zinegotziarekin eta alkatearekin hitz egin dugu. Ordea, ez dute inolako borondaterik erakutsi akordio batera iristeko”.

