Esther Arrojeriak eta Alba Menendezek kontratua berritu dute Bera Berarekin
Bera Bera eskubaloi taldean jarraituko dute Esther Arrojeria eta Alba Menendez kapitainek. “Pozik gaude taldeak bere bihotza mantentzen duelako”, adierazi du Tati Garmendia kirol zuzendariak. Menendezek hamalaugarren denboraldia beteko du, eta Arrojeriak hamargarrena.
Menendezek duela gutxi ziurtatu zion IRUTXULOKO HITZAri Bera Beran jarraituko zuela. Horrez gain, ondorengoa adierazi du: “Zorte handia da etxeko klubean egotea, lehiakorra izateaz gain, tituluengatik borrokatzen dugu, eta pozik nago. Ez dut neure burua beste leku batean ikusten oraintxe bertan; izan ere, garrantzitsua sentitzen naiz, taldekideen arteko lehia osasuntsua dugu, hobetzen behartzen zituena, eta guztiok nahi ditugu minutu gehiago, baina, horretarako, taldekideekin lehiatu behar dugu”.
Aldiz, Arrojeriak esan du “pribilegio bat” dela Bera Beran jokatzea: “Oso pozik nago, etxeko taldea da, zortea da Bera Bera gisako talde bat izatea etxe ondoan, familiarekin, lagunekin egotea eta goi mailan lehiatzea. Momentuz Bera Berak dena eskaintzen dit kirol mailan eta maila pertsonalean, eta egon nahi dudan lekuan nago”.