Jende ugari elkartu da Bulebarrean, harrera duina aldarrikatu eta eskubide horren alde kalean lo egiteko
Harrera duina aldarrikatzeko elkartu dira Bulebarrean. (Argazkia: Sara Ibarguren) Jende ugari bildu da bart Bulebarrean, Euskal Herrian bizi diren edo aldi baterako bertan dauden migratzaileen eskubideak berma daitezela exijitzeko. Gainera, atzerritarrei buruzko legedia gogor salatu dute, uste baitute arrazakeria instituzionalaren “adierazpen gorena” dela. Hala ere, oraingoan ez da Donostiako egitasmo soil bat bakarrik izan, izan ere, Euskal Herria harrera herria lelopean, zazpi udalerritan egin zuten deialdi hori.
21:00etan egin zuten hitzordua, eta pixkanaka, gero eta jende gehiago gerturatu zen Bulebarreko kioskora. Donostiako deialdia Hiritarron Harrera Sareak, Kaleko Afari Solidarioak, eta Sos Arrazakeria Gipuzkoak egin zuten. Antolatzaileak iritsi eta berehala, ondorengo leloak zituzten pankartak jarri zituzten kioskoa inguratzen duen barandan: Harrera duin baten alde, Etxegabeziaren eguna, Ez itzazue kaleratu!!, Donostia bizilagunentzat, ez bakarrik turistentzat eta Euskal Herria harrera herria!.
Jatorri desberdinetako jendea bildu zen Bulebarrean, eta euskaldunez gain, marokoarrak ziren gehienak. 21:30ak inguruan, txalaparta saio bat eskaini zuten, eta, jarraian, Itxaso Piquer eta Aiert Ordoñez bertsolariek Euskal Herria harrera herria izeneko bertso sorta abestu zuten. Bulebarrean elkartu zirenek ere lagundu zieten kantatzen, letra zeramaten orriak banatu baitzizkieten denei. “Giza eskubideen truke bermatua behar luke, aterpe duin bat denok izan beharko genuke”, zioen bertsoaren zati batek.
Bertso sortaren ostean, manifestu bat irakurri zuten antolatzaileek, Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako gobernuari hemen bizi diren edo hemendik igarotzen diren pertsonen oinarrizko eskubideak berma daitezela eskatzeko. Bereziki, etxebizitza duinik ez dutenei dagokienez. “Baliabide eta aurrekontu nahikoak dituzte, eta baldintzarik eskatzen ez duten planak izateko premiaz ari gara. Era berean, atzerritarrei buruzko legedia salatzen dugu: arrazakeria instituzionalaren adierazpen gorena. Milaka pertsonari beraien bizi proiektuak garatzea galarazten diena, eta irregulartasunera kondenatzen dituena”, adierazi zuten.
Datu esanguratsu bat ere eman zuten. Gaur egun, Euskal Herriko kaleetan 500 pertsona baino gehiago daude etxebizitza bat eskuratzeko inongo aukerarik gabe. “Gainera, hori gutxi balitz, horietako askori erroldatzea zailtzen zaie, eta poliziaren jazarpena jasotzen dute; hain agerikoak ez diren lekuetara lotara joatea behartuz, edo identifikazio arrazista errepikatuak eginez, eta identifikazio horiek, administrazio-egoera irregularrean daudenentzat, Brigada de Extranjeria delakoan zitatzea, CIE zentroetako internamendu edota kanporatzeen atariko bihurtzen dira”, salatu zuten.
Migrazioaren aldeko Euskal Itun Soziala sinatu ondoren, edo Nafarroan harrera-diagnostikoak eta harrera-planak egin ondoren, euskal administrazioetako eta foru administrazioetako “sail bakar batek ere” ez duela bete bere harrera eta gizarteratze plana azaldu zuten. “Argi daukagu egoera horri aurre egiteko bitartekoak jartzen ez badituzte, borondate politikorik ez dutelako dela. Borondatea eta erantzukizuna daudenean, bitartekoak aktibatu egiten dira, eta hala erakusten du erakundeek ukrainar nazionalitateko errefuxiatuei eskaintzen dieten harrerak”, esan zuten.
Amaitzeko, “premien mailako erantzunak” eskatu zituzten, eta instituzioek etxerik gabeko pertsonekin lan egiten duten erakunde guztiekin lan egitea, horrela, partaidetza politika “benetan” eginez.
Manifestuaren ondoren, mikro irekia egin zuten, eta hainbat pertsona etorkinek adierazpenak egin zituzten. “Baliabideak behar ditugu kale egoeran ez egoteko”, aldarrikatu zuen batek. “Hona iritsi ezin izan dutenei eskaini nahi diet gaurko eguna”, esan zuen beste batek.
Jarraian, hainbat astetan zehar egin duten bezala, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzaren aurrera joan ziren elkarrekin gaua pasatzera, Gipuzkoa plazara. “Euskal Herriko hainbat herritan kalean lo egingo dugu, eta gonbidapena egiten diogu bazterkeriarik ez jasateko eta harrera duina izateko eskubidea administrazioek bermatu behar duten oinarrizko eskubidea dela ulertzen duen edonori”, adierazi zuten. Orotara, 40 pertsonak egin dute lo Aldundiaren aurrean.
Bulebarreko ekitaldian hartutako irudiekin osatu dugun bideoa ere ikus dezakezue jarraian:

