Laboa eta Artze anaien Ikimilikiliklik ikuskizunaren "grabazio historikoa" argitaratuko du Elkarrek lehen aldiz
1975 eta 1978 urteen artean egin zuten abangoardia ikuskizuna zen, eta inoiz ez da bertako grabaketarik argitaratu.
Joxean Artzeren etxean aurkitutako material artistikotik abiatu da lan hau. 2018an hil zen poeta usurbildarra, eta etxean zuen “altxorra” antolatzen eman zuen Elkarrek urte bete inguru. Bertan topatu zuten, besteak beste, “Ikimilikiliklik” hitza boligrafoz idatzita ageri zen bobina bat.
‘Ikimilikiliklik’ Ez Dok Amairu puskatu ondorengo ikus-entzunezko espektakulu bat izan zen, Artze anaiek, Mikel Laboak eta Jose Mari Zabalak sortua (azken hau kredituetan agertzen ez den arren). 1975eko apirilean Algortan estreinatu eta 1978an oholtzara eraman zen azkenengo aldiz, Parisen, amnistiaren aldeko jaialdi batean. 1976an Veneziako Biurtekoan Euskadi ordezkatu zuten ikuskizunetako bat izan zen.
Ikuskizuna Laboaren kantak, Artze anaien txalapartak eta Artzeren poemek osatzen zuten, Zabalaren soinu instalazio eta Zumetaren marrazkiekin batera, garaiko abangoardian kokatuz ikuskizuna. Elkarrek ez du jakin noizkoa den zehazki argitaratuko duten grabaketa, baian 1975 eta 1976 urteen artekoa dela uste dute, Izarren hautsa kantarengatik: “Biribildu gabe dago eta bukaerako zati instrumentalik gabe, Laboak 75-76an kantatzen zuen bezalaxe”.
Elkarrek lehen aldiz kaleratuko du material hau “grabazio historiko hau ezagutzea eta zabaltzeak benetan merezi” duela uste dutelako. CD eta binilo bikoitz formatuan kaleratuko dute.
Xabier Montoiak egin duen hitzaurrean, honela azpimarratzen du lanaren garrantzia: “Bi disko hauek gordetzen dutena, garai bateko giroaren lekukotza adierazgarria izateaz gain, kultura baten berpizkundearen isla izateaz gain, hasieran uste nuen bezala, beren sorkuntzaren gorenean zeuden hiru artista handiren lan zintzoa baita, oroz gain”.
Lagin bat kaleratu du Elkarrek: Besterik ezagutu ez eta kanta.
Fitxa teknikoa:
Formatuak: CD bikoitza eta LP bikoitza (udazkenean argitaratuko da LPa)
Zuzenean: 1975 eta 1976 artean zuzenean grabatua.
Parte hartzaileak: Mikel Laboa (abestiak), J.A. Artze (olerkiak), Artze anaiak (txalaparta)
Ikuskizunaren moldaketa: J.A. Artze
Soinu eta grabazioaren teknikaria: J.L. Zabala
Argi teknikaria: Bixente Karda
Azala: J.L. Zumeta
Hitzaurrea: xabier montoia