Hemezortzi urtez hiriko musika sustatzen
Liher, Izaro, Niña Coyote eta Chico Tornado, Pelax, Sara Azurza, Iker Lauroba... ehunka dira Donostiak azken urteotan eman dituen estilo ezberdinetako musika taldeak. Denek dute amankomunean, modu batean edo bestean, Buenawista elkartearekin harremana. Musikagela entsegu lokalen egitasmoak 18 urte bete dituela aitzakia hartuta elkartu gara elkarteko Eugenio Rubio Ubedarekin (Madril, 1976) eta Andoni Etxebeste Arriandiagarekin (Amara, 1973).
Hirian musika modernoa egiten dabilen edonork ezagutzen du Musikagela proiektua. Behar zehatz eta komun bati erantzuten diolako: entsegu lokalen faltari, hain zuzen. Talde batean ibili denak —batez ere nerabetan—, badaki zer arazo izan daitekeen: gurasoen garajeren batean edo ganbaran, logelan anplifikadorerik gabe… Askotariko moduak asmatu behar izaten dira zaila eta garestia delako zure lokal propioa edukitzea.
Historia luzea du Musikagela proiektuak, hiriko taldeak laguntzen eta sustatzen daramate eta, dagoeneko, hemezortzi urte. Proiektua, ordea, ez da akaso horren ezaguna musika zirkuitutik aldentzen diren herritarrentzat.
2004tik lokalak kudeatzen
Musikagela Donostia Kulturaren programa bat da, Buenawista Prolleckziom’s elkarteak kudeatzen duena. Andoni Etxebeste musikaria sorreratik egon da proiektuan: “Kointzidentzia polit” bat izan zen sorrera. “1990eko hamarkadaren amaieran, Buenavistako etxe okupatuan geunden gu, eta udalarekin harreman onak genituen”. Plan Orokorraren ondorioz, espazioa arriskuan zela eta, elkarte gisa formalizatu zuen bere burua, eta hor sortu zen Buenawista Prolleckziom’s. Garaiko alkate Odon Elorzak “konpromisoa hartu” zuen bertan zeuden eragileak beste nonbait kokatzeko: “Inor ez zen kanpoan geratuko”.
Garai hartan, hogei bat musika talde zeuden Buenavistako lokaletan entseatzen, eta, “benetako eskaera bati erantzuna” ematen zitzaiola onartzen zuten, bai udalak, eta baita elkarteko kideek ere.
2004an Donostiako Musika Eskolak hainbat entsegu lokal zituen Egiako kultur etxean, eta, Atotxan eskola berria sortu zenean, bertako lokalak kudeatzeko proposamena landu zen: “Udala lokal huts batzuekin geratu zen Egian, eta beste aldetik, tokia behar zuten hogei talde zeuden Buenavistan”. Kudeaketa egitea proposatu zioten Buenawista elkarteari: “Udalak zerbitzu publiko bat eskaintzen du, eta guk musikari moduan kudeatzen dugu”. Sukaldeko lan handia izan zela onartzen du Etxebestek, “lauzpabost urtez aritu ginen elkarlanean eta bi urte proiektu honetaz hizketan”.
Buenavista eraikinaren bilakaera
1970eko hamarkadan hutsik geratu zen Altzako alkatetza zaharra, Buenavistan, eta hainbat gaztek espazioa okupatu egin zuten 1980ko hamarkadan. Beste hainbat egitasmoren artean, entsegu lokalak sortu zituzten bertan, hirian eta inguruetan sona handia lortu duten taldeekin: La Perrera, Señor No, Nuevo Catecismo Catolico, Discipulos De Dionisos eta Astrozombies aipatu genitzake erreferentziazko talde moduan.
Okupatuta egon arren, Donostiako Udalarekin harreman ona eduki zuten nahiko hasieratik. Honela, 1992an, garaiko Hirigintzako Zinegotzi Gregorio Ordoñezekin zenbait akordio lortu zituzten: besteak beste, Mogambo aretoa kudeatzea.
2005ean bota zuten Buenavistako eraikina, baina ordurako alternatiba bat prest zuten: Musikagela proiektua 2004an abiatu baitzen Egiako Kultur Etxean. Azaldu dutenez, “bete-betean asmatu zen proposamenarekin: eskari handia egon da lehen minututik eta beti egon da jendea lokaletan”.
Entseguez gain, kontzertu eta ikastaroak
Eugenio Rubiok kontatu duenez, hasieran gela hutsak antolatu ziren: “Taldeek euren instrumentuak muntatu eta desmuntatu egiten zituzten, eta horrek talde askorengana iristea ekarri zuen”. Gerora, erresidentzien kontzeptuarekin abiatu ziren ere, “bere instrumentuak gorde ditzaketen lokalak dira, bi taldek partekatuta”
Lokalez gain, ikusgarritasuna lortzeko, urteroko jaialdi bat antolatzen hasi ziren, bertako taldeak ere ezagutzera emateko: Musikagela Weekend. 2013tik aurrera, urte osoan programatzen hasi ziren, baina zailtasun handiekin: “Adibidez, tabernetan ezin genuen programatu bateriak zituzten taldeak, eta horrek dena mugatzen zuen”. Dokan eta Bukowskin taldeak programatzen zituzten, eta gainontzekoetan kantautoreak.
Bestetik, formakuntzak egiten ditu Musikagelak. Entseatzeaz gain musikarien beharrak aintzat hartuko dituzten ikastaroak prestatzen dituzte: “Gu musikariak gara, badakigu zenbat kostatzen den hasieran gauza batzuk ikastea: egile eskubideak, diskoetxeek nola funtzionatzen duten… horrelako kontuak hasieran oso kriptikoak dira, eta laguntza eskertu egiten da”.
Katapulta, taldeak ezagutarazteko
Buenawistaren beste proiektu bat da Katapulta, bestelako bide bat egiten duen arren: Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Kutxa Fundazioarekin egiten du lan. Musikaz gain, antzerkia, dantza, marrazkiak, bideogintza eta bestelako arte guztiei irekia dago.
Leku guztietan bezala, “ideiak askoz gehiago dira gero egiten dena baino”, Etxebestek dioenez, “beti faltatu izan zaigu giharra gure kabuz jarduteko, inongo kanpo laguntzarik gabe, eta epe luzeko proiekturik egin gabe”. Rubiok dioenez, ordea, aintzat hartu behar da izandako garapen eta onarpena: “Hemezortzi urte hauetan alderdi ezberdinak pasa dira udaletik: PSE-EE, Bildu eta EAJ, baina inork ez du zalantzan jarri proiektua”. Etxebesterentzat argi dago: “Kopuruek argi erakusten dute eta proiektuek oso ondo funtzionatu dutela”.
Hemezortzi urtez irauteko gakoa
Elkartea oso egonkorra izan da, eta “udalak beti jende berdinarekin hitz egin du, egiten zenaren filosofia bera mantenduz”.
Galera handia litzateke proiektua galtzea, “hiria herren geratuko litzateke”. Ehunka lagun pasa dira bertatik, eta datu basean gordeta duten arren, “ezinezkoa” zaie kontua eramatea: “Oraintxe bertan 53 proiektu daude, bataz beste, hilean. Hemezortzi urtean pentsa zenbat egon diren!”.
Musikagelak duen alde erakargarrietako bat da oso irekia dela, oso moldagarria “profil ezberdinentzat egokia da: hasiberriek, inongo pretentsiorik ez dutenek, eta profesionalki ari direnak ere”.
Beti filosofia berarekin ari direla baieztatzen dute. “Gu ere saltsa horretan egoteak asko egiten du. Gu musikariak gara, eta proiektuetan gabiltza edo ibili gara. Lokaletara goazenean badakigu zer behar dituzten. Gure filosofia laguntzea da, baina laguntzea euren lekuan jarrita. Erakunde publikoei askotan hori da falta zaiena, erabiltzailearen ikuspuntua, beste planeta batean daudelako. Zentzu onean diot, baina beste planeta batean”. Erakundeen eta herritarren arteko katebegia izatea da gakoa, beraz, Etxebesterentzat.
Rubiok egitasmoaren beste gako bat gehitu du: “Baliabide publikoak ahalik eta hoberen aprobetxatzea bilatzen dugu. Erabiltzea da garrantzitsuena”. Izan ere, lokalen erabilerarako konpromisoa eskatzen dute, eta jarraipen “zorrotza” daramate: “Gutxienez astean bi egun etortzeko konpromisoa eskatzen diegu. Zuk ezin baduzu aprobetxatu beste batek egin dezala”.
Kultur etxeekin duten harremana taldeen esku jartzea da Musikagelaren beste gakoetako bat Rubiorentzat: “Edozein beharren aurrean, taldeen eta kultur etxeen arteko harremana errazten dugu: erantzuna ia beti da baiezkoa”.
Entsegu lokalen falta du hiriak
Proiektuaren arrakastak entsegu lokalen arazoa begi bistan uzten du: Itxaron zerrenda handia dago beti. Eta une batzuetan are handiagoa da: “Pandemiaren itxialdia izan ostean, izugarrizko olatua izan zen. Ezin genuen gehiago eskaini, eta neurriak are gehiago zorroztu behar izan genituen. Zer erakusten duen honek? Izugarrizko eskaria dagoela; Donostian ehunka talde ari dira sortzen”, dio Etxebestek.
Musikagelaren bitartez eskaintzen dena portzentaje txiki bat besterik ez da. Lokal pribatuak “lehertzear” daude, “eta hori, 300 edo 400 euro ordaintzen dituztela taldeek lokal batengatik”. Erresidentzia gehiago behar dituztela uste du Rubiok, baina “egun, oso zaila” dela.
“Astindu kultural baten beharra”
Entsegu lokalez gain, hiriaren saretzean berebiziko papera betetzen dute bai Musikagelak, eta baita Katapultak ere. Egitasmoetatik pasatu diren izenak ikustea besterik ez dago: Izaro, Niña Coyote eta Chico Tornado, Koldo Almandoz zine zuzendaria, Nagore Legarreta argazkilaria, eta beste hainbat. Talde handi guztiak izan direlako, hasieran, hasiberriak.
Izan ere, hiriak astindu kultural baten beharra baduela sentitzen dute: Talde pila-pila bat daude, baina areto oso gutxi talde horientzat. Maila moduko batzuk daude, “oso ezagunak direnak eta topera dabiltzanak, horiek ez dute jotzeko arazo handiegirik; baina erdi bidean daudenak edo hasi berriak direnak, horientzat oso zaila da”.
Etxebestek ere zailtasunak ikusten ditu: “Hirian zein tabernatan egin dezakezu kontzertu bat bateria batekin?”. Gero eta zailagoa da kultur programazio independente bat aurrera ateratzea hirian “bizilagunekin arazoak” direla eta. Rubiok dioena paradoxikoa da: “Baimenak eskatu eta lortzeko aukera oso erraza da, udalak asko aurreratu du hor. Edozein tabernak antola dezake udalaren baimenarekin, baina dezibelioak kontrolatu egin behar dira, eta hortik kanpo geratzen dira aukera gehienak. Easo plazan Musikagela Fest antolatu genuenean ere gertatu zen, pentsa!”.
Bizi ereduarekin lotzen du Etxebestek. Beste herri batzuetan beste giro bat sumatzen delako: “Nafarroako Bera herria datorkit burura. Musikarekiko atxikimendu handiagoa landu da eta. Hemen alderantziz da: bizilagunak mantra batean bihurtu dira, aintzat hartu behar dituzu kultur panoramaren parte izango balira bezala”.
Donostian sormenak “ez du etenik”
Rubioren ustez, gutxi gorabehera, bost urtean behin berritzen da hiriko eszena. “Pandemiak eragina izan du, noski, eta oso erritmo onean zihoazen talde donostiarrek eten bat izan dute. Pelaxekoak, adibidez, nire ustez, zuzeneko indartsuenetako bat dute, eta hor goian egon beharko lukete. Era berean, sortzen ari dira proiektu interesgarriak, urte asko daramaten musikariengandik: Dos, Soy Paris, Ghau, Physis versus Nomos, Aimar…”.
Begirada kritiko apur batekin begiratuta, Etxebestek uste du Donostia oso indartsua dela, baina joerak jarraitzen dabilela: “Modan jartzen da hau, eta bat-batean sortzen dira hemen ere horrelako proiektuak, baina Donostian propio sortutako zerbait?”.
Komunikatzeko moduak asko aldatu dira hirian, eta horrek eragina du Rubioren ustez: “Jada galdu dugu erreferentziako tabernara joateko ohitura, eta jada ez dugu elkar topatzen modu berdinean”.
Ordenagailu bidez musika egiteak ere jendea hain independente bihurtu du, jada ez dela gainontzekoen behar hain nabarmena: “Amazonen erosi, Youtube bidez ikasi, eta jada ez duzu etxetik atera behar ere musika egiteko. Horrek agian deskonexio pixka bat ekarri duela” dio Etxebestek.
Kulturgintzaren eta musikagintzaren ereduak aldatu dira. Eta horrek ere eragina duen arren, Etxebestek uste du Donostia pixka bat “kaskarina” dela, beste herrietan badirela beste dinamika mota batzuk ere: “Iruditzen zait, adibidez, Bilbo bezalako hiri batean, lehenik zer egin pentsatzen dutela, eta, gero, posible den edo ez. Hemen, lehenik, marko legalean pentsatzen dugu, eta, horren arabera egitea posible den edo ez erabaki. Han piratagoak dira”.
Euskara, zubi lanerako
Euskara gai garrantzitsua da ere. Hirian, oro har, banaketa handia dagoelako euskarazko eta erdarazko sortzaileen artean. Musikagelak norabide horretan zubi lana egiten duela esan daiteke: “Nik ez dut euskara ulertzen, baina musikarekin konektatzen dut, eta hortik lan egiten dut”. Rubiok uste du belaunaldi berrietan badatorrela aldaketa: “Raitx taldea horregatik gustatzen zitzaidan, euskara eta gaztelera nahieran nahasten zituelako”. Jaialdietan bi hizkuntzak nahastea bilatzen dute, hain zuzen, bi publikoak nahastu nahi dituztelako.
Baina ororen gainetik, musika zaintzearen garrantzia azpimarratzen du Rubiok: “Zerbait berezia ikusten diozun jende horri erraz jarri behar zaio bidea… Ez delako batere erraza! Jendeak dio zeinen zaila den disko bat argitaratzea, eta, ez, zaila dena da disko asko argitaratzea. Disko bat edonork atera dezake”.
Musikarien artean bidea erraztea. Hori izan da, finean, hemezortzi urte hauetan Musikagelak hiriari eskaini diona. Beste hemezortzi urtez egongo al da Musikagela? Baietz ziurtatu dute.