Kalean zinema proiektatu ahal izateko crowdfundinga abiatu du Zinemaldi Alternatiboak
Donostiako Zinemaldi Alternatiboak crowdfunding kanpaina bati ekin dio, proiektore bat eta pantaila bat erosteko, eta, honela, aurtengo zinemaldian kalean egin ahal izateko emanaldiak. Baieztatu dutenez, pantaila eta proiektorea “komunitatearen esku” utziko dituzte.
14. aldiz antolatu da Zinemaldi Alternatiboa, eta iaz hasitako bidean sakonduz, gauero dokumental bat proiektatzeko asmoa dute, ahal dela kalean. Iaz Sagueseko frontoian, Txantxarreka gaztetxean, Trinitate plazan, Letaman gaztetxean, Marruma elkartean eta Egiako parkean izan ziren emanaldiak, eta, aurten, auzo gehiagotara zabaldu nahi dute. Horretarako helbide elektroniko bat jarri dute eskuragarri: dzinemaldialternatiboa@gmail.com.
Honela diote zabaldu duten mezuan: “Herritarrok guk geuk antolatuta, kalean zinema proiektatzean sortzen den komunitatea oso indartsua dela jakitun gara, eta hori sustatu nahi dugu indar osoz. Kultura, behetik eta herritarrontzat pentsatua, ohikoan zinema aretoetatik eta halako festibaletatik kanpo uzten dituzten lanez gozatzeko”.
Crowdfundingean parte hartzen dutenek poltsak, kamisetak, jertseak eta txanoak jasoko dituzte opari moduan, diseinu berriarekin. “Denon artean helburua lortzen badugu, gure asmoa izango da hurrengo urteetan ere kalean herri zinema eder bat antolatzeko behar diren elementu guztiak eskuratzen jarraitzea”.